martes, 30 de diciembre de 2014

Erroilbide (Aiako Harria): Hego eta Mendebaldeko Aurpegiak



Aiako Harria mendi eta eremu berezia da Euskal Herriko mendizale zein eskalatzaileentzot. Nahiz eta itsasotik gertu egon eta altuera aldetik nahiko xumea izan, goi-mendien izaera eta ezaugarriak biltzen ditu. Mendiak duen itxura malkartsu eta basatian kanalak, ertzak eta altuera desberdinetako paretak nabarmentzen dira, paisaia benetan ederra sortuz. Arroka ere berezia da, izan ere Euskal Herriko eremu granitiko bakarra da eta nahiz eta zenbaitetan hauskorra izan eskalatzaileontzako beste pizgarrietako bat da.

Hori dela eta, mendi honen xarmak belaunaldi eta garai desberdinetako eskalatzaileak erakarri izan ditu. Aiako Harriko punta desberdinetan aurkitu daitezke eskaladarako bideak. Horietako zenbait aski ezagunak dira eta dexente eskalatzen direla esan daiteke (batez ere, Muganix puntako espoloia), baina beste zenbait pareta eta punta nahiko ahaztuak daude eskalatzaileen aldetik nahiz eta bide klasiko eta interesgarriak aurkitu daitezkeen bertan.

Mendi honetako hiru punta nagusietatik (Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide) nagusiena bada ere Erroilbideko puntan dauden eskaladarako bideak dira seguraski ezezagunenak eta gutxien eskalatzen direnak. Artikulu honen bidez bide hauen informazio eguneratua aurkezten dugu, ia horrela gehiago eskalatzen diren. Horretaz gain, punta honetan egin diren eskaladarako azken proposamenen berri ere ematen dugu, izan ere txoko honek dituen sekretu guztiak ez baitira oraindik estalgabetu!!


Irudiaren jatorria: http://eu.wikipedia.org/wiki/Aiako_harria

Mendebaldeko Ertza


Nahiz eta Erroilbideko mendebaldeko ertza estetikoki oso erakargarria den nahiko bide ezezaguna dela esan daiteke, gutxitan eskalatzen den horietakoa batez ere Muganix-eko ertzarekin alderatuta. J.M. Rodriguez-en "Ascensiones y Escaladas en Guipuzcoa" 1979ko gidan ertz honen inguruko informazioa jasoa dago baina krokisa eta deskribapenak ez dira oso argiak eta agian horrek bide hau itzalpean gelditu izana ere azaltzen du.

Hala ere, esan daiteke Mendiak.net web orriari esker bide hau iluntasunetik aterazela eta ertzak berriro ere eskalatzaileen bisitak jaso izan ditu azken urteetan. Hemen duzue ertzaren inguruko informazio zehatzagoa eta baita zenbait argazki ere: http://www.mendiak.net/foro/viewtopic.php?f=15&t=27906

Gu ere erreportai honek erakarrita joan ginen ertza eskalatzera. Gozatzeko moduko ertza da, 100mt inguru ditu eta batez ere hirugarren luzean anbiente handiko pasartea igarotzen da, nahiz eta hain justu puntu honetan arrokaren kalitatea ez den oso ona. Kontu pixkat edukita hala ere arazorik gabe pasa daiteke. Ertzak duen estetika eta inguruneari esker eskalada motz baina interesgarria dela esango nuke, Aiako Harriako puntarik altuenera igotzeko modu polit bat alegia. 

Ertzean zehar zenbait iltze aurkituko ditugu lehen bilgunean eta beste punturen batean eta beraz autobabeserako materiala eramatea beharrezkoa da. Friend, fisurero eta baga batzuekin ongi babestu daitekeen ertza da.


Chimeneas superpuestas


Batetik J.M. Rodriguez-en gidan agertzen den informazioa jasota eta bestetik Mendikat.net webgunean agertzen den krokisa erabilita bide honen eta bere barianteen berri ere badugu. Bide hauek Hego-mendebaldera erortzen den erlaitzetik gora egiten dute. Lehen pasarteetan erlaitzaren ahultasunak bilatu behar dira eta hauek gaindituz bide bi zatitan banatzen duen plataforma moduko batetara iritsiko gara. Hemendik gora zuzen beste tximinia bat hartu edo ezkerretara mendebaldeko ertzera egin daiteke, zailtasun antzekoak aurkituko ditugularik. Tximiniak eskalatzeko gomendagarria hauek lehor egotea, kontuan izanda horretarako egun lehor zenbait beharrezkoak direla tximiniek duten iluntasunagatik. Sarean aurkitu dugun bideo honetan ikusi daiteke zein nolako pasarteak igarotzen diren:




Hego Aurpegia. 1956

1956. urteko Ekainaren 3an Francisco Lusarreta, Felix Huete eta Carlos Romano-k irekitako bide hau "Ahaztutako bidea" da zalantzarik gabe. Inor gutxik errepikatzen du egun hego aurpegiko bide klasiko hau, nahiz eta bere momentuan J.M. Rodriguez-en gidan jasota dagoen bidearen inguruko informazioa eta krokisa, ondoren Javi Urrutiaren eskutik Mendikat.net webgune zoragarrian jasota gelditu (hemen esteka: http://www.mendikat.net/monte.php?numero=551). Hala ere, oraindik pareta honen estetikak eskalatzaileak erakartzen jarraitzen du, tantoka baldin bada ere eta bidearen inguruko informazio eguneratua edukitzeko behintzat balio digu. Kasu hontan Apezek 2013ko udazkenean bidea errepikatu ondoren hauxe da bideari buruz kontatu diguna:  

"Hasiera sorbaldaren punturik altuenean. Hasierako pausua iltze oso erdoildu batekin eta Totem urdin batekin artifizialean eman daiteke. Ondoren eskubita egiten du eta iltze nahiko berri baten altueran dena zuzen arrakala diagonaleraino (R1). Arrakala ezkerretara jarraitu (III) bigarren bilera zaharra topatu arte (burni borobil bat, eraman kordinoa balestrinkea egiteko). 

Hortik zuzen atera goiko arrakala bertikalaren bila non ondo babestu ahal izango garen. Hasierako pausoa ez da erraza (V+) eta babesa eskasa. Krokisean markatutako iltzea ez da erabilgarri ez bada alanbre puska bat eramaten. Zertxo bat eskubirago eta beherago Totem oria sartu daiteke bi espeketara. Garai bateko IV gradua (krokis zaharrean), erabilgarri ez dagoen iltzeari tiraka behar zuen izan.

Bigarren bilera egiteko salduta gera gaitezke iltzeak eramaten ez baldin baditugu. Agian hobe da zati zaila pasa ahala eskubitara egitea arrakala batzuren bila.


Arroka oso ona du, Eman Erori Arte baina hobea. Leku oso haizetsua da. Materiala: 8cm arte errepikatu gabe".



 

Eman Erori Arte. 2014


Hego eta hego-mendebaldeko paretak duen kalitatea eta xarmak eskaladaz gozatzeko aukera politak eskaintzen ditu eta baita esploraziorako aukerak ere. 2014-ko udazkeneko eguraldi onak ederki aprobetxatuta, Apezek eta Txanbok Hego Mendebaldeko aurpegian itxuraz bide berri bat eskalatzea lortu zuten. Hauxe da beraiek kontatutakoa:

"Leku honetara iaz Hego Aurpegiko bide klasikoa eskalatzeko egindako lehen bisitak utzitako zapore ona ikusita, ez da arritzekoa bueltatu izana. Asmoa bide berdina errepikatzea bazen ere, azkenean bide ustez berri bat zabaltzen bukatu dugu... eta interesgarria oso. 

Pareta honek ez ditu oraindik hoberenak eman! Bideari “Eman Erori Arte” izena jarri diogu eta egun horretako filosofia adierazten du. Ez gara horrela ibiltzen normalean baina... Bidea behetik dirudiena baina zailagoa da. Erorikoa du bigarren zati osoak eta eskalada fisikoa eskatzen du. Errepikatzeko txukun geratu da. Erabilitako iltzeak bere lekuan. Nahitaezko 6a+/6b izan daiteke eta dena librean 6b+. Lehen erdiak arroka erabat ona ez du baina bigarrenak aldiz bai. Likena presente nola ez, baina arazorik gabe.

Babesa 1-5 cm bitartekoa eraman. Dena luze batean eginez gero errepikatuak. Fisurero Offset txikiren bat ere erabili genuen.
 

Jaitsiera azkarrena ezkerretara dagoen kanala hartzea da (III) eta ondoren pareta azpira doan kornisa (I). 5-10 min".

Nahiz eta igotako bidean inongo arrastorik ez aurkitu hirugarren bileran spit bat eta iltze bat topatu zituzten. Beraz beste norbaitzuk ere ibiliak dira pareta hauetaz gozatzen. Norbaitek informazio gehiago izango balu asko eskertuko genuke.

Eta argazki batzuk: 






Hurbilketa: 

Aritxulegiko portutik Erroilbidera igotzeko bide normala hartu eta Enarriko lepoaren ingurura iristean aukeratu dugun bidearen bila jo biderik errazena bilatuz. Hego mendebaldeko bide klasikoa, tximinietako sarrereretako bat eta "Eman erori arte" bideak egiteko Enarriko leporaino iritsi behar da. Mendebaldeko ertzaren hasiera aldiz bide normalaren altueratik hasten da mendebaldeko aurpegia zeharkatzen ari garela.

Irudiaren jatorria: http://kunzuilh.blogspot.com.es/2011/04/ascension-las-penas-de-haya.html

Oharra: 

Gogoratu Aiako Harria Gipuzkoako Natura Parkea dela eta beraz ingurunea bereziki errespetatzea ezinbestekoa da. Eskaladarako ekipamendu finko gehiago jartzea (paraboltak, espitak, ...) debekatua dago eta zenbait paretatan eskalatzea baita. Adi beraz, erregulazio eta debekuei. Eremu honetako beste bide batzuen informazio eskuratu nahi ezkero kontsultatu ondorengo estekak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario