jueves, 15 de octubre de 2015

Ustondia (Jaitz - Salinas de Oro): Txerriaren Garrasia (OW)



Orratz polit honi eskalatzaile guztiok erreparatu izan diogu handik pasatzean... seguru. Arrakala ikusgarri bat du bere ipar paretan, zabala eta eroriko pixkabat duena. Eskalatzaieok neurriz kanpokoa bezala ezagutzen duguna, off-width alegia. Igota ote? imajinatzen genuen baietz baina, hurbildu arte jakiterik ez. Azkenik duela pare bat urte animatu ginen bai saio bat emateko. Aldi hartan, gure asmo nagusia bertan behera utzi behar izan genuen. Arrakala zabalegia eta geneukan materialarekin segurtasunez saiatzeko aukerarik ez. Hala ere mendebaldeko ertzetik goia jo eta soka goitik saio bat emateko aukera izan genuen. Eta hara hor gure sorpresa: goian iltze pare bat bai, beraz orratza igota zen baina iparreko arrakalako arrokaren egoerak nahiko argi adierazten zuen hortik pasatako lehenengoak ginela!! Garbiketa saio on bat egin eta beste batean friend handiagoekin etortzeko asmoz alde egin genuen.

Bi urte beranduago han gara berriro eta oraingoan aitzakiarik ez. Camalotaren 5 eta 6a eskuan nolabait igotzeko aukera izango dugulakoan gaude eta gainera hiru gara. Bata ez bada bestea igoko delakoan... Gainera bistak dio ez dela oso zaila izango... ba gomendio bat: ez gutxietsi! Teknika ona behar da bi/hiru metro zailenetan hustuta ez amaitzeko.


Paretaren erdiko erlaitzera bada oinez iristerik, baina gomendagarriena eskalada behe behetik hastea da. Hasierako metroetan arroka tentuz heldu behar da eta bloke handiren bat garbitzeke dago oraindik. Behin hori pasata arroka ia erabat ona. Erlaitzetik gora hasierako mugimenduak ez dira oso zailak. Pareta erabat zutitzen denean ordea hasten dira komeriak. Belauna arrakala barruan uzkurtu, gorputza jaitsi, eskua eta ukabila biak batera finkatu... teknika behar beharrezkoa da. Euskal Herrian eskalatu daitekeen off-width aratzenetako bat dela esango genuke.  Besterik zein nabarmenduko zenukete??


Eskaladaren datuak:

Luzaera: 20m
Zailtasuna: 6b+ (orientaziorako graduazioa da, izan ere teknika askoz ere garrantzitsuagoa da)
Beharrezko materiala: babesa 15cm arte (goian bilera egiteko frienen bat gorde, iltze bakarra dago eta erabat ona ez da). Iltze bakarra geratu da bidean finkatuta eta 4 zenbakiko bi friend ez eramateko aukera eskaintzen du.

Jaitsiera: bakoitza orratzaren alde batetik, pixua kontrajarriaz.

Kokapena:

Ustondiako horratza Gesalatz bailaran (Nafarroa) dago kokatua, Jaitz - Salinas de Oro udalerriko lurretan, Izurzurako bidean dauden gatzagen artean. Kokapen honek horratza bera eta baita eskalada bera ere berezi egiten ditu, ez-ohikoa den paisaia batek inguratzen gaituelako. Gatzaga hauek gainera egun gatza sistema tradizionalean ekoizten duten gutxietariko batzuk dira eta oso preziatuak dira lur hauetatik jasotako gatzak. Dudarik gabe pena merezi du ingurua ezagutzeak. Oraingoz gatzaga hauen inguruko informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: http://www.sasua.net/estella/articulo.asp?f=salineria

http://www.misescapadaspornavarra.com/images300/309-mapacomollegar.jpg
http://www.misescapadaspornavarra.com/images300/309-mapacomollegar.jpg

No hay comentarios:

Publicar un comentario