Altxor txiki batekin egin dugu topo bide hau eskalatzean, zalantzarik gabe. Eskalada egun eder bat pasatzeko ezaugarri guztiak dauzka: harkaitzaren kalitatea oso ona da, ingurunea zoragarria, gerturaketa eta jeitsiera oso erraz burutzen dira bide oso politetatik, autobabeserako piezak sartzen gozatzen da eta gure kasuan bezala astean zehar eskalatu ahal izan ezkero jendetza aurkitu beharrean erabateko lasaitasuna aurkituko dugu. Ederra!!
Eskertzekoa benetan Mikel Saez de Urabainek horrelako bideak irekitzea eta besteoi ezagutara ematea. Zortekoak gara, etxetik gertu halako lekuak eta bideak edukitzean, zaindu ditzagun!! Mila esker Mikel abenturak jarraitu dezala!! Bideari buruzko informazio gehiago hemen (link)
http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com.es/2015/03/lizarrusti-jendetza-guztiaren-gainetik.html |
Bideari buruzko datuak:
1. Luzea: nabarmena den arrakala bat jarraitzen du. Luze oso polita da eta harkaitza oso ona. Lehen bilera belarra eta sasiak dituen terraza batean kokatua da. Iltzea ez da oso ongi ikusten erdoiltzen hasia delako baina arrakala nagusiaren ondoan jarria dago. Bilera indartzeko Basic berdea, fisurero ertain/txikia edo/eta Basic urdina erabili daitezke.
2. Luzea: guretzat luzerik zailena eta teknikoena dituen pausuengatik eta babesteko eskatzen duen lanagatik. Luze jarraia da, pausu ia guztietan estutu beharra dago eta horrek babesak lasai jartzeko aukerak murrizten ditu. Bileratik irteera gogora da lehen txaparaino. Bigarren txapatik gora ere estutu behar da eta luzearen amaieran ez dago deskantsurik. Harkaitzaren kalitatea oso ona da eta kalitate handiko luzea da.
3. Luzea: Zailtasunez erraza baina oso polita. Bileratik ateratzean pausu arraro bat badu eskubi-ezker egin behar denean batez ere sasiek molestatzen dutelako. Hortik aurrera luze oso polita eta babesteko aukera askorekin. Jarri gabe dauden bi harkaitz-zubi erabili genituen.
4. Luzea: Harkaitzaren kalitatea izugarria, babesteko erraza eta pasarte oso polita zapaia zeharkatzeko. Bigarren luzeko 6a+ baina errazagoa iruditu zitzaigun. Edozein kasutan kalitate handiko luzea. Kontuz bilerara iritsi baino lehenago dauden bloque handi batzuekin. Bilera egiteko aukera onak daude arrakala eta harkaitz-zubien bitartez behin gora iristen garela.
Erabilitako Materiala: Totem jokoa (hiru taila handienak errepikatzea gomendagarria), camalot 2 eta 3 zenbakiak, Basic Cam semaforoa (hibridoak ere oso gomendagarriak dira, guk zenbaitetan jarri genituen).
Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta eskubiruntz doan bidearen bila edo kresta jarraituz eskubiruntz Allekupeko begiralekuraino. Edozein kasutan Lizarrustiko haitzak inguratu eta aparkalekura doan bidea hartu behar da.
Oharrak: Bidea zertxobait garbitu
genuen, baina zenbait sasi eta pintxo ere badira bidean zehar eta zertxobait molestatzen dute. Bidea
errepikatzean ondo legoke eskularruak eta zerratxo bat eramatea (guk ez genituen eraman) eta
horrela garbitzen joango litzateke.
Nola iritsi
Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster bidearen azken luzeko zapaia ikusgai dago. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.
https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg |
Kirol Eskalada Lizarrustin
Lizarrusti inguruan kirol eskalada praktikatzeko aukera ere badago. Informazio guztia hemen aurkitu ahal izango duzue: http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario