miércoles, 16 de octubre de 2024

Alluitz: Arista Integral (XXI. Mendeko Bertsioa)

Alluitz menditzarra da zalantzarik gabe. Horma, espoloi eta arista izugarriak dituena alderik alde, ederra benetan. Izaera alpinoa du eta kutsu horretakoak dira mendi honetan eskalatu ditzakegun bideak.

Erakargarritasun handia duen mendia da zalantzarik gabe eta belaunaldi desberdinetako eskalatzaileek jarri izan dute haien begirada horma hauetan. Lehen eskalatzaileen balentriez gain, bide hainbat ireki ziren 70 eta 80. hamarkadetan Alluitzeko mendebalde, hego-mendebalde, zein ipar-mendebaldeko horma eta espoloi desberdinetan. Bide horien informazioa José Zuazuaren "Atxarte: Escuela de Escalada" 1989ko gidan jasoa dago. Bide hauetatik guztietatik oso gutxi errepikatu izan dira ohikotasunez eta bide gehienak "bide ahaztuak" direla esan daiteke. Bide hauetariko gehienen inguruko informazioa eta egoera oso urria da.

XXI. mendean iada barneratuta zenbait eskalatzailek "bide ahaztu" hauek berreskuratu, berrasmatzeko eta egungo estandareetara egokitzeko lana hartua dute duela zenbait urtetatik. Horixe da, Arista Integral bidearekin egin dena alegia. José Zuazaren gidan jasota dagoen bezala "Arista Integral" bidea 1975ean ireki zen A. Castells, E. Fonquernie eta J. Alonsoren eskutik. 400m-tako bide modura jasoa dago AD zailtasunarekin. XXI. mendeko bertsioa aldiz, %50 edo %60 batean berria dela esan daiteke, batez ere, hasiera eta azken luzeetako horman ireki diren luzeak berriak lirateteke eta.

Egun, beraz, bide klasiko modernizatu bat litzateke "Arista Integral (XXI. Mendeko Bertsioa)". Bide honek aukera bikaina ematen digu Euskal Herriko eskaladaren historiarekin kontaktua izateko eta Alluitzeko hormaren izaeraz gozatu ahal izateko. Mota honetako berreskuratze lanak bikainak dira bideak ahaztuak geratu ez daitezen eta informazio osatuarekin eskalatzeko aukera egon dadin. Egun, nahiz eta Alluitzen eskalatzeko denbora tartea urria izan (Eskalada baimendua dago irailaren 1etik Abenduaren 31ra), ohikotasunez errepikatzen ari den bidea da.

Mila esker bide hau prestatzen hartutako lanagatik Antxon eta Iñakiri!


Bideari buruzko datuak:

Eskalada bertikala eta trepadak partekatzen dituen bidea da. Bideak beraz, horma tente desberdinak zeharkatzen ditu eta horma horiek trepada eta arista zatien bitartez lotzen ditu. 

Zalantzarik gabe gakoa den luzea, seigarrena da, 6b graduko zailtasunarekin fin eskalatu beharra dago. Hala ere, beste luze bertikaletan ere eskalatu beharra dago eta batez ere 14. luzea ez da gutxietsi behar. Azken luzean ere kontuz ibili arrokaren kalitatea bidean orokorrean aurkituko duguna baina kaxkarragoa baita.

8. bileratik, 12.era ensanblean eskalatzeko aukera ematen duen terrenoa aurkitu dugu.

Erabilitako Materiala: Friend eta mikrofriend sorta, 3 zenbakirarte (totem ertain batzuk errepikatu genituen badaezpda) eta arroka zubietarako zintak. Fisureroak eraman genituen baina ez genituen erabili.


Hurbilketa eta jeitsiera: Atxartetik Astxikiko espoloietarako bidea hartu eta bidean mantendu (espoloietara joan gabe) ataka bat gainditu eta zelai batzuetara iritsi, parez-pare Alluitzeko hormekin topo egin arte. Eskalatu beharreko espoloia identifikatu eta bertara hurbilketa egin korredore txiki eta motz bat gaindituz.

Jeitsiera oinez burutzen da Alluitzeko gailurrera doan ohiko bidea artuz Artolako lepora lehenik eta parkinera bueltan ondoren. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario