sábado, 4 de febrero de 2017

Lizarrusti (Gorokarasta): Jendarme Txuskero

Gorokarastako haitzetara bueltatu gara aurreko urtean eskalatu genuen "Jendetza guztiaren gainetik" bidearen kalitateak utzita zapore ona dela eta. Oraingo honetan, pareta honetako biderik errazena hautatu dugu. Mikel Saez de Urabainek duela gutxi argitaratuko krokisean "Jendarme Txuskero izenarekin ageri da.

http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html
Ez dakigu nork ireki zuen bide hau, baina pentsatzen dugu aspalditik irekia zegoela, lehen luzean zaharra dirudien iltze bat jarrita dagoelako. Krokis eguneratu eta berri batean lehen luzearen amaieran parabolt bat markatzen du. Edo guk ez genuen ikusi edo jarri berria da. Edozein kasutan zeharkaldi delikatu baten hasieran dago, arroka hautsia dagoen pasartea seguruago bilakatuz. Gradu aldetik klasiko xamarra dela esan behar dugu, ez baita hasiberrientzako bidea. Pasarte pare batean ondo eskalatu beharra dago, arrokaren kalitatea orokorrean ona bada ere baditu tentuz ibiltzeko pare bat pasarte eta babesteko ere lan zertxobait eman dezake arrakalak belarrez zertxobait garbitu behar izan genituelako.

http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html

Bideari buruzko datuak:

1. Luzea: Jendarmearen punturik baxuenean hasi eta oso agerikoa den arrakala eskalatzen da. Arrakala ondo hartu ahal izateko lehen iltzera iristean sapai txiki moduko bat pasatu beharra dago ezkerrerantz eginez. Arrakala amaitzean eskubirantz trabesia delikatu bat egin behar da, sasiek zertxobait molestatzen dutela, jendarmea eta paretaren artean dagoen leporantz. Lehen bilera, lepo honetan egin behar da, arroka-zubi eta arrakalak erabiliaz.

2. Luzea: Lehen metro erraz batzuen ondoren arrakala bertikal batzuetara iritsiko gara. Hauen ondoren plaka fin bat dator babesteko aukerarik ematen ez duena. Plakaren ondoren desplome bat pasatu beharko dugu bere erdigunetik. Kontuz irteerarekin, arrokaren bat kili-kolo bait dago. Bilgunea, desplome pasa bezain laister egin daiteke bloke haundi bat erabiliaz. Hirugarren luze labur bat daton ondoren paretatik irtetzeko, erabat etzana eta erraza.
 


Erabilitako Materiala: Totem jokoa, camalot 3 eta 4 zenbakiak, Basic Cam semaforoa.

Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta eskubiruntz doan bidearen bila edo kresta jarraituz eskubiruntz Allekupeko begiralekuraino. Edozein kasutan Lizarrustiko haitzak inguratu eta aparkalekura doan bidea hartu behar da.

Oharrak: Bidea zertxobait garbitu genuen, baina zenbait sasi eta pintxo ere badira bidean zehar eta zertxobait molestatzen dute. Bidea errepikatzean ondo legoke eskularruak eta zerratxo bat eramatea (guk ez genituen eraman) eta horrela garbitzen joango litzateke.

Nola iritsi

Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster gorokarastako haitzak ikusgai izango ditugu. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg






Kirol eskalada Lizarrustin:


Lizarrusti inguruan kirol eskalada praktikatzeko aukera ere badago. Informazio guztia hemen aurkitu ahal izango duzue: http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html

lunes, 12 de diciembre de 2016

Ogoño: Mutata eta etorkizuna

Ogoñoko haitzetan eskalatu ahal izatea bizitzako plazer handien artean kokatu dezakegu inolako zalantzarik gabe. Bagenuen gogoa bertara bueltatu eta autobabeserako egun ditugun aukerekin gozatzeko. Asko dira dagoeneko Ogoñon ekipatuta dauden bideak (horietariko asko ber-ekipatuta), nahiz eta beti gomendagarria edo beharrezkoa den autobabeserako materiala bide hauetan erabiltzea.


Hala ere, azken urteetan autobabesa derrigor eskatzen duten bide berriak ere ireki dira: Zurrunbilo Crack, Paxp Kammenlander, Negu Txamana, Niña Coyote, Garoa, Begitxoek, etab. Jendea fuerte dabil eta eskalada garbiaren haizeak ere iritsi dira Ogoñora eta txalotzekoa da. Hemen aurkitu ditzakezue bide hauen krokisak: https://haitzarenmintzoa.wordpress.com/category/krokisak/bizkaia/ogono/

Mutata bide klasikoa ere egun autobabesa eskatzen duen bideen artean kokatu behar dugu. Arroka zulatu gabe ireki bazen ere, bere garaian spit-ak erabilita ekipatu egin zen eta urte askoan zehar horrela mantendu zen. 2015. urtean Bizkaiako Mendizale Federazioan horrela erabakita bidea materiale modernoarekin ber-ekipatzea erabaki zen, baina bide guztia ekipatu beharrean bilerak ber-ekipatu ziren eta 2/3 parabolt jarri dira soilik luze bakoitzeko. Spit zaharen zuloak ordea ikusgai daude, baita parabolt berriago zenbaiten esparragoak ere.

Bidearen kalitatea beti izan da oso altua baina ekipamendu eredu hau erabilita bidearen logika eta estetikak irabazi egin duela esango genuke. Gozatzeko moduko bidea da, segurua eta arrokaren kalitatea bikana. Nahiz eta gradua ez den altua ez da bide erraza. Betidanik V+ izan da, baina egungo graduazio ereduen baitan 6a edo 6a+ ematen diote zenbaitek. Gradua ondo finkatua eramatea beharrezkoa da inolako sustorik ez izateko.

Mutata bidearen adibidea ere etorkizunerako lezio bat izan daitekeela esango genuke. Zenbat urte iraungo dituzte Ogoñoko haitzetan jarrita dauden parabolt eta spit-ak, itsasoak hauengan duen eragina kontuan hartuta? Zer egingo dugu bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz bideak ber-ekipatu beharko direnean? Zenbat zulo egongo dira bata bestearen alboan? Txoriak eta landareak zaintzeaz gain ez al genuke arroka ere zaindu beharko?

Egun autobabeserako ditugun aukerak kontuan izanda eta Ogoñoko arrokak dituen ezaugarriak ikusita parabolt kopurua murriztea ez dugu uste erokeria bat denik, batez ere etorkizun luzeari begira. Mutata bidean bertan ere egun dauden parabolt gehienak ere kendu zitezkeen bidearen segurtasun mailan inolako eraginik izan gabe. Ogoño bezalako pareta eder eta sentsible bat zaintzea ere gure ardura da.

viernes, 2 de diciembre de 2016

Ustondia: Ekaitz Maiz eta lagunak "Txerriaren Garrasia" bidean

Ekaitz Maiz, José Montero eta Txus Lizarraga Ustondiako "Txerriaren Garrasia" bidea errepikatzera joandakoan egindako bideoa duzue ikusgai. Bide honek berea eskatzen duela ere argi ikusten da. Zorionak!!

Ustondia "Txerriaren garrasia" 6b+ off-width trad.(Jaitz) from Ekaitz Maiz on Vimeo.

martes, 3 de noviembre de 2015

Lizarrusti (Gorokarasta): Jendetza guztiaren gainetik

Altxor txiki batekin egin dugu topo bide hau eskalatzean, zalantzarik gabe. Eskalada egun eder bat pasatzeko ezaugarri guztiak dauzka: harkaitzaren kalitatea oso ona da, ingurunea zoragarria, gerturaketa eta jeitsiera oso erraz burutzen dira bide oso politetatik, autobabeserako piezak sartzen gozatzen da eta gure kasuan bezala astean zehar eskalatu ahal izan ezkero jendetza aurkitu beharrean erabateko lasaitasuna aurkituko dugu. Ederra!!

Eskertzekoa benetan Mikel Saez de Urabainek horrelako bideak irekitzea eta besteoi ezagutara ematea. Zortekoak gara, etxetik gertu halako lekuak eta bideak edukitzean, zaindu ditzagun!! Mila esker Mikel abenturak jarraitu dezala!! Bideari buruzko informazio gehiago hemen (link)


http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com.es/2015/03/lizarrusti-jendetza-guztiaren-gainetik.html

Bideari buruzko datuak:

1. Luzea: nabarmena den arrakala bat jarraitzen du. Luze oso polita da eta harkaitza oso ona. Lehen bilera belarra eta sasiak dituen terraza batean kokatua da. Iltzea ez da oso ongi ikusten erdoiltzen hasia delako baina arrakala nagusiaren ondoan jarria dago. Bilera indartzeko Basic berdea, fisurero ertain/txikia edo/eta Basic urdina erabili daitezke.

2. Luzea: guretzat luzerik zailena eta teknikoena dituen pausuengatik eta babesteko eskatzen duen lanagatik. Luze jarraia da, pausu ia guztietan estutu beharra dago eta horrek babesak lasai jartzeko aukerak murrizten ditu. Bileratik irteera gogora da lehen txaparaino. Bigarren txapatik gora ere estutu behar da eta luzearen amaieran ez dago deskantsurik. Harkaitzaren kalitatea oso ona da eta kalitate handiko luzea da.

3. Luzea: Zailtasunez erraza baina oso polita. Bileratik ateratzean pausu arraro bat badu eskubi-ezker egin behar denean batez ere sasiek molestatzen dutelako. Hortik aurrera luze oso polita eta babesteko aukera askorekin. Jarri gabe dauden bi harkaitz-zubi erabili genituen.

4. Luzea: Harkaitzaren kalitatea izugarria, babesteko erraza eta pasarte oso polita zapaia zeharkatzeko. Bigarren luzeko 6a+ baina errazagoa iruditu zitzaigun. Edozein kasutan kalitate handiko luzea. Kontuz bilerara iritsi baino lehenago dauden bloque handi batzuekin. Bilera egiteko aukera onak daude arrakala eta harkaitz-zubien bitartez behin gora iristen garela.

Erabilitako Materiala: Totem jokoa (hiru taila handienak errepikatzea gomendagarria), camalot 2 eta 3 zenbakiak, Basic Cam semaforoa (hibridoak ere oso gomendagarriak dira, guk zenbaitetan jarri genituen).
Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta eskubiruntz doan bidearen bila edo kresta jarraituz eskubiruntz Allekupeko begiralekuraino. Edozein kasutan Lizarrustiko haitzak inguratu eta aparkalekura doan bidea hartu behar da.
Oharrak: Bidea zertxobait garbitu genuen, baina zenbait sasi eta pintxo ere badira bidean zehar eta zertxobait molestatzen dute. Bidea errepikatzean ondo legoke eskularruak eta zerratxo bat eramatea (guk ez genituen eraman) eta horrela garbitzen joango litzateke.

Nola iritsi

Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster bidearen azken luzeko zapaia ikusgai dago. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg





 

Kirol Eskalada Lizarrustin


Lizarrusti inguruan kirol eskalada praktikatzeko aukera ere badago. Informazio guztia hemen aurkitu ahal izango duzue: http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html

jueves, 15 de octubre de 2015

Ustondia (Jaitz - Salinas de Oro): Txerriaren Garrasia (OW)



Orratz polit honi eskalatzaile guztiok erreparatu izan diogu handik pasatzean... seguru. Arrakala ikusgarri bat du bere ipar paretan, zabala eta eroriko pixkabat duena. Eskalatzaieok neurriz kanpokoa bezala ezagutzen duguna, off-width alegia. Igota ote? imajinatzen genuen baietz baina, hurbildu arte jakiterik ez. Azkenik duela pare bat urte animatu ginen bai saio bat emateko. Aldi hartan, gure asmo nagusia bertan behera utzi behar izan genuen. Arrakala zabalegia eta geneukan materialarekin segurtasunez saiatzeko aukerarik ez. Hala ere mendebaldeko ertzetik goia jo eta soka goitik saio bat emateko aukera izan genuen. Eta hara hor gure sorpresa: goian iltze pare bat bai, beraz orratza igota zen baina iparreko arrakalako arrokaren egoerak nahiko argi adierazten zuen hortik pasatako lehenengoak ginela!! Garbiketa saio on bat egin eta beste batean friend handiagoekin etortzeko asmoz alde egin genuen.

Bi urte beranduago han gara berriro eta oraingoan aitzakiarik ez. Camalotaren 5 eta 6a eskuan nolabait igotzeko aukera izango dugulakoan gaude eta gainera hiru gara. Bata ez bada bestea igoko delakoan... Gainera bistak dio ez dela oso zaila izango... ba gomendio bat: ez gutxietsi! Teknika ona behar da bi/hiru metro zailenetan hustuta ez amaitzeko.


Paretaren erdiko erlaitzera bada oinez iristerik, baina gomendagarriena eskalada behe behetik hastea da. Hasierako metroetan arroka tentuz heldu behar da eta bloke handiren bat garbitzeke dago oraindik. Behin hori pasata arroka ia erabat ona. Erlaitzetik gora hasierako mugimenduak ez dira oso zailak. Pareta erabat zutitzen denean ordea hasten dira komeriak. Belauna arrakala barruan uzkurtu, gorputza jaitsi, eskua eta ukabila biak batera finkatu... teknika behar beharrezkoa da. Euskal Herrian eskalatu daitekeen off-width aratzenetako bat dela esango genuke.  Besterik zein nabarmenduko zenukete??


Eskaladaren datuak:

Luzaera: 20m
Zailtasuna: 6b+ (orientaziorako graduazioa da, izan ere teknika askoz ere garrantzitsuagoa da)
Beharrezko materiala: babesa 15cm arte (goian bilera egiteko frienen bat gorde, iltze bakarra dago eta erabat ona ez da). Iltze bakarra geratu da bidean finkatuta eta 4 zenbakiko bi friend ez eramateko aukera eskaintzen du.

Jaitsiera: bakoitza orratzaren alde batetik, pixua kontrajarriaz.

Kokapena:

Ustondiako horratza Gesalatz bailaran (Nafarroa) dago kokatua, Jaitz - Salinas de Oro udalerriko lurretan, Izurzurako bidean dauden gatzagen artean. Kokapen honek horratza bera eta baita eskalada bera ere berezi egiten ditu, ez-ohikoa den paisaia batek inguratzen gaituelako. Gatzaga hauek gainera egun gatza sistema tradizionalean ekoizten duten gutxietariko batzuk dira eta oso preziatuak dira lur hauetatik jasotako gatzak. Dudarik gabe pena merezi du ingurua ezagutzeak. Oraingoz gatzaga hauen inguruko informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: http://www.sasua.net/estella/articulo.asp?f=salineria

http://www.misescapadaspornavarra.com/images300/309-mapacomollegar.jpg
http://www.misescapadaspornavarra.com/images300/309-mapacomollegar.jpg

martes, 30 de diciembre de 2014

Erroilbide (Aiako Harria): Hego eta Mendebaldeko Aurpegiak



Aiako Harria mendi eta eremu berezia da Euskal Herriko mendizale zein eskalatzaileentzot. Nahiz eta itsasotik gertu egon eta altuera aldetik nahiko xumea izan, goi-mendien izaera eta ezaugarriak biltzen ditu. Mendiak duen itxura malkartsu eta basatian kanalak, ertzak eta altuera desberdinetako paretak nabarmentzen dira, paisaia benetan ederra sortuz. Arroka ere berezia da, izan ere Euskal Herriko eremu granitiko bakarra da eta nahiz eta zenbaitetan hauskorra izan eskalatzaileontzako beste pizgarrietako bat da.

Hori dela eta, mendi honen xarmak belaunaldi eta garai desberdinetako eskalatzaileak erakarri izan ditu. Aiako Harriko punta desberdinetan aurkitu daitezke eskaladarako bideak. Horietako zenbait aski ezagunak dira eta dexente eskalatzen direla esan daiteke (batez ere, Muganix puntako espoloia), baina beste zenbait pareta eta punta nahiko ahaztuak daude eskalatzaileen aldetik nahiz eta bide klasiko eta interesgarriak aurkitu daitezkeen bertan.

Mendi honetako hiru punta nagusietatik (Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide) nagusiena bada ere Erroilbideko puntan dauden eskaladarako bideak dira seguraski ezezagunenak eta gutxien eskalatzen direnak. Artikulu honen bidez bide hauen informazio eguneratua aurkezten dugu, ia horrela gehiago eskalatzen diren. Horretaz gain, punta honetan egin diren eskaladarako azken proposamenen berri ere ematen dugu, izan ere txoko honek dituen sekretu guztiak ez baitira oraindik estalgabetu!!


Irudiaren jatorria: http://eu.wikipedia.org/wiki/Aiako_harria

Mendebaldeko Ertza


Nahiz eta Erroilbideko mendebaldeko ertza estetikoki oso erakargarria den nahiko bide ezezaguna dela esan daiteke, gutxitan eskalatzen den horietakoa batez ere Muganix-eko ertzarekin alderatuta. J.M. Rodriguez-en "Ascensiones y Escaladas en Guipuzcoa" 1979ko gidan ertz honen inguruko informazioa jasoa dago baina krokisa eta deskribapenak ez dira oso argiak eta agian horrek bide hau itzalpean gelditu izana ere azaltzen du.

Hala ere, esan daiteke Mendiak.net web orriari esker bide hau iluntasunetik aterazela eta ertzak berriro ere eskalatzaileen bisitak jaso izan ditu azken urteetan. Hemen duzue ertzaren inguruko informazio zehatzagoa eta baita zenbait argazki ere: http://www.mendiak.net/foro/viewtopic.php?f=15&t=27906

Gu ere erreportai honek erakarrita joan ginen ertza eskalatzera. Gozatzeko moduko ertza da, 100mt inguru ditu eta batez ere hirugarren luzean anbiente handiko pasartea igarotzen da, nahiz eta hain justu puntu honetan arrokaren kalitatea ez den oso ona. Kontu pixkat edukita hala ere arazorik gabe pasa daiteke. Ertzak duen estetika eta inguruneari esker eskalada motz baina interesgarria dela esango nuke, Aiako Harriako puntarik altuenera igotzeko modu polit bat alegia. 

Ertzean zehar zenbait iltze aurkituko ditugu lehen bilgunean eta beste punturen batean eta beraz autobabeserako materiala eramatea beharrezkoa da. Friend, fisurero eta baga batzuekin ongi babestu daitekeen ertza da.


Chimeneas superpuestas


Batetik J.M. Rodriguez-en gidan agertzen den informazioa jasota eta bestetik Mendikat.net webgunean agertzen den krokisa erabilita bide honen eta bere barianteen berri ere badugu. Bide hauek Hego-mendebaldera erortzen den erlaitzetik gora egiten dute. Lehen pasarteetan erlaitzaren ahultasunak bilatu behar dira eta hauek gaindituz bide bi zatitan banatzen duen plataforma moduko batetara iritsiko gara. Hemendik gora zuzen beste tximinia bat hartu edo ezkerretara mendebaldeko ertzera egin daiteke, zailtasun antzekoak aurkituko ditugularik. Tximiniak eskalatzeko gomendagarria hauek lehor egotea, kontuan izanda horretarako egun lehor zenbait beharrezkoak direla tximiniek duten iluntasunagatik. Sarean aurkitu dugun bideo honetan ikusi daiteke zein nolako pasarteak igarotzen diren:




Hego Aurpegia. 1956

1956. urteko Ekainaren 3an Francisco Lusarreta, Felix Huete eta Carlos Romano-k irekitako bide hau "Ahaztutako bidea" da zalantzarik gabe. Inor gutxik errepikatzen du egun hego aurpegiko bide klasiko hau, nahiz eta bere momentuan J.M. Rodriguez-en gidan jasota dagoen bidearen inguruko informazioa eta krokisa, ondoren Javi Urrutiaren eskutik Mendikat.net webgune zoragarrian jasota gelditu (hemen esteka: http://www.mendikat.net/monte.php?numero=551). Hala ere, oraindik pareta honen estetikak eskalatzaileak erakartzen jarraitzen du, tantoka baldin bada ere eta bidearen inguruko informazio eguneratua edukitzeko behintzat balio digu. Kasu hontan Apezek 2013ko udazkenean bidea errepikatu ondoren hauxe da bideari buruz kontatu diguna:  

"Hasiera sorbaldaren punturik altuenean. Hasierako pausua iltze oso erdoildu batekin eta Totem urdin batekin artifizialean eman daiteke. Ondoren eskubita egiten du eta iltze nahiko berri baten altueran dena zuzen arrakala diagonaleraino (R1). Arrakala ezkerretara jarraitu (III) bigarren bilera zaharra topatu arte (burni borobil bat, eraman kordinoa balestrinkea egiteko). 

Hortik zuzen atera goiko arrakala bertikalaren bila non ondo babestu ahal izango garen. Hasierako pausoa ez da erraza (V+) eta babesa eskasa. Krokisean markatutako iltzea ez da erabilgarri ez bada alanbre puska bat eramaten. Zertxo bat eskubirago eta beherago Totem oria sartu daiteke bi espeketara. Garai bateko IV gradua (krokis zaharrean), erabilgarri ez dagoen iltzeari tiraka behar zuen izan.

Bigarren bilera egiteko salduta gera gaitezke iltzeak eramaten ez baldin baditugu. Agian hobe da zati zaila pasa ahala eskubitara egitea arrakala batzuren bila.


Arroka oso ona du, Eman Erori Arte baina hobea. Leku oso haizetsua da. Materiala: 8cm arte errepikatu gabe".



 

Eman Erori Arte. 2014


Hego eta hego-mendebaldeko paretak duen kalitatea eta xarmak eskaladaz gozatzeko aukera politak eskaintzen ditu eta baita esploraziorako aukerak ere. 2014-ko udazkeneko eguraldi onak ederki aprobetxatuta, Apezek eta Txanbok Hego Mendebaldeko aurpegian itxuraz bide berri bat eskalatzea lortu zuten. Hauxe da beraiek kontatutakoa:

"Leku honetara iaz Hego Aurpegiko bide klasikoa eskalatzeko egindako lehen bisitak utzitako zapore ona ikusita, ez da arritzekoa bueltatu izana. Asmoa bide berdina errepikatzea bazen ere, azkenean bide ustez berri bat zabaltzen bukatu dugu... eta interesgarria oso. 

Pareta honek ez ditu oraindik hoberenak eman! Bideari “Eman Erori Arte” izena jarri diogu eta egun horretako filosofia adierazten du. Ez gara horrela ibiltzen normalean baina... Bidea behetik dirudiena baina zailagoa da. Erorikoa du bigarren zati osoak eta eskalada fisikoa eskatzen du. Errepikatzeko txukun geratu da. Erabilitako iltzeak bere lekuan. Nahitaezko 6a+/6b izan daiteke eta dena librean 6b+. Lehen erdiak arroka erabat ona ez du baina bigarrenak aldiz bai. Likena presente nola ez, baina arazorik gabe.

Babesa 1-5 cm bitartekoa eraman. Dena luze batean eginez gero errepikatuak. Fisurero Offset txikiren bat ere erabili genuen.
 

Jaitsiera azkarrena ezkerretara dagoen kanala hartzea da (III) eta ondoren pareta azpira doan kornisa (I). 5-10 min".

Nahiz eta igotako bidean inongo arrastorik ez aurkitu hirugarren bileran spit bat eta iltze bat topatu zituzten. Beraz beste norbaitzuk ere ibiliak dira pareta hauetaz gozatzen. Norbaitek informazio gehiago izango balu asko eskertuko genuke.

Eta argazki batzuk: 






Hurbilketa: 

Aritxulegiko portutik Erroilbidera igotzeko bide normala hartu eta Enarriko lepoaren ingurura iristean aukeratu dugun bidearen bila jo biderik errazena bilatuz. Hego mendebaldeko bide klasikoa, tximinietako sarrereretako bat eta "Eman erori arte" bideak egiteko Enarriko leporaino iritsi behar da. Mendebaldeko ertzaren hasiera aldiz bide normalaren altueratik hasten da mendebaldeko aurpegia zeharkatzen ari garela.

Irudiaren jatorria: http://kunzuilh.blogspot.com.es/2011/04/ascension-las-penas-de-haya.html

Oharra: 

Gogoratu Aiako Harria Gipuzkoako Natura Parkea dela eta beraz ingurunea bereziki errespetatzea ezinbestekoa da. Eskaladarako ekipamendu finko gehiago jartzea (paraboltak, espitak, ...) debekatua dago eta zenbait paretatan eskalatzea baita. Adi beraz, erregulazio eta debekuei. Eremu honetako beste bide batzuen informazio eskuratu nahi ezkero kontsultatu ondorengo estekak.

domingo, 28 de septiembre de 2014

Ahaztutako bideak: Balerdi - Flor de Otoño

Aukeratzen dugun bidea aukeratzen dugula ere Balerdin eskalatu ahal izateko abenturarako grina pizturik eraman beharra dago. Bide bakar batek ere ez du ezer oparitzen eta pasarte desberdinetan aurkitu gaitezke krokisa begiratuta aurreikusten genuena baino gehiago estutzen. Euskal Herrian zehar eskalatu daitekeen paretarik basatienetakoa da dudarik gabe. Bere kokapena, altuera, bertikaltasuna, bakardadea eta naturaltasunak izaera berezia ematen diote eta etxetik gertu abentura ederrak bizitzeko aukera dugula gogorarazten digu. Pareta eder honek belaunaldi desberdinetako eskalatzaileak erakarri izana ez da batere harritzekoa. Azkarateko frontoia deitzen dioten pareta honetan lehen bideak 70. eta 80. hamarkadan ireki ziren. Harritzekoa da oso denbora gutxian 1982 eta batez ere 1983. urtean ireki zirela logika handiko baino baita zailtasun handiko hainbat bide: Incidente Mishima, Zakilixut, Felix Ubierna, Noiz-Bait, Flor de Otoño, Txepaloka, Murci, etab. Zelako urtea bizi izan zuten Balerdiko paretetan garaiko eskalatzaileek!! Garai haietako bide guztien bilduma eta informazio praktiko guztia Pyrenaica aldizkariko 136. alean agertu zen eta egun zortez sarean aurkitu daiteke. 


Ondorengo belaunaldiek nahiko ahaztua izan dugu Balerdiko eskalada gunea eta bide gehienek zaharkitze handi bat pairatu dute. Hala ere, eskerrak salbuespenak egon direla eta batez ere Mikel Saez de Urabainen bultzadari esker bide berriak ireki dira eta beste zenbait garbitu eta berreskuratu. Egun bide desberdinak aukeratu dauzkagu Balerdin baina beti ere abenturako eskaladaren eremuan kokatzen garela eduki behar dugu kontuan. Bide berrien inguruko informazioa eta baita informazio praktikoa Mikel Saez de Urabainek sortutako blogean aurkitu daiteke:


Duela aste gutxi blog honen lagun batzuk Balerdiko Flor de Otoño bidea eskalatzearen erronkari ekin zioten. Hauxe da garaiko krokisa, eskaladaren altxor historiko txiki bat.



Hauxe da kontatutakoa: 

Beste behin lortu nuen norbait engainatzerik Balerdira eskalatzera joateko. Hasiera batean Sola Crack bideari erreparatu genion baina krokisak dioen 7a nahitaezkoa gehitxo iruditu zitzaigun, eskola zaharrekoak bai gara.
 
Eskola zaharrekoak izaki, Flor de Otoño askozaz ere egokiago zirudien paperean. Bere diedro eta arrakala ikusgarriak ez dio eskaltzaileari ihes egiten, hurbilketa Azkaratetik egiterakoan.
 
Bideari dagokionean... Escalada Recia... Old school... zer esan behar... abentura gustoko dutenentzat bide polita... eta gogorra.
 
Luzeei dagokionean:
 
1. Tximinia estuan igotzen zailtasun berezirik eskaintzen ez duena. Kanpotik ere egin ahal omen da... lehenengoak hala ere nik uste ez duela duda handirik izango barrutik joateko ibilbidearen gehiengoan. Iltze bakarra topatu genuen. Notizia txarrena bilerara iristen... sekulako sasi mordoa aurkitu genuen, pasa hala ez pasa duda serioa ezartzeko modukoa. Azkenik, hainbat arantza gorputzean bilerara iristeko modua oizan genuen.
 
2. Bileratik ikusita ez du batere itxura onik eta eskalatzen hasita konfirmatzen da asuntoa. Uste det ez genuela erarik errazenean eskalaten asmatu, ez batak ez besteak. Erabat enpotratuta eskalatzen asmatuz gero agian V+era hurbildu daiteke... ez dakit... guri ordea 6b gutxienez iruditu zitzaigun. Liken txuri batek estaltzen du arroka hasieran eta benetan tentuz ibili beharra dago. Artifizialean pasarte zailena pasatzerik badagoela esango nuke. Argi. Luze amaiera aldera ere beste sorpresarik ere badu. Hau 6a nahitaezkoa iruditu zitzaidan eta aseguratzeko eskas (trasto oso handiekin ez bada). Eskubitara dagoen adar batek laguntzen du, bai aseguratzen baita pasartea gainditzen ere.
 
3. Aurrekoa eta gero, ezer okerragorik ezin zen etorri eta halaxe izan zen. Paperean hau ere V+, bainan aurrekoa baino dezente errazagoa. Polita. Era guzietako oposizioekin, piskanaka, piskanaka nahiko erraz gainditu genuen, hori bai urduri.
 
Errepikapenerako, artazi eta larruzko eskularru batzuk ederki etorriko ziren lehenengo luzeko sasiei aurre egiteko. Norberak babestu beharreko bidea da nahiz eta iltze zaharrak aurkitu. Guk, aipatu nahi ez dudan marka bateko 4. zenbakirarte eraman genituen trastoak. 5a edo 6a ere sartu sartuko ziren.
Bideak eskarmentua eman zigun. Gomendagarria? Gu gustora geratu ginen... eta sano.
 
Ea sasi eta liken horiek garbitzen ditugun. Eta ohar erakargarri bat: bigarren luze eder eta ikaragarri bat irekitzeke dago, 1. bileratik ezkerrera segitzen. Arrakala zabal eta eroriko dezentea duen batetik ez dirudi inor pasa denik...

Bidearen kokapena: