miércoles, 29 de enero de 2025

Muganix - Harribeltza: Bera

Aiako Harriaren parte den Muganix puntako eskalada hormak biziberritze nabarmen bat izan du azkenaldian, eskalatzaile desberdinen eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ekimenari esker. Horma ikusgarria da eta haitzaren kalitatea oso ona da. Leku ederrean dago kokatua eta kalitate handiko gunea bilakatu da. Egun, kirol-eskaladako, eskalada-artifizialeko eta eskalada tradizional-modernoko bideak aurkituko ditugu bertan. Guztion gozamenerako leku ezinhobea. Zaindu dezagun guztion artean!

https://lakasta.blogspot.com/p/muganix-aiako-harria.html
https://lakasta.blogspot.com/p/muganix-aiako-harria.html

Harribeltza sektorearen berri lehen aldiz, Txingu Arrieta eta Gorka Obesok 2002an argitaratutako "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburuan eman zen. Bertan jasotzen ziren "Irungo mendizaleak" eta "Patxi" bideak. Ondoren eta oso gutxinaka etorri dira gainontzeko bideak. Gipuzkoako Mendi Federazioak hormaren berrekipamenduaren ardura hartua du eta Gipuzkoako Eskalada gune gainbegiratuen artean kokatua dago. Urte osoan eskalatu daiteke bertan, baina kontuan hartu hormak mendebalderantz begiratzen duela nagusiki.

Bera bidea:

Muganix-eko Harribeltza sektorean autobabesa eskatzen duen bide berri bat ireki zela jakiteak asko poztu gintuen. Kasu honetan, Lander Larrañaga eta Haitz Errok 2022an Bera bidea ireki zuten, Landerren alabaren omenez. 



Estilo erdi-ekipatu modernoan irekitako bidea da eta lekuagatik, anbienteagatik eta horma nagusiaren kalitateagatik asko gustatu zaigu. Oso gomendagarria, batez ere, bigarren luzeak dituen pausu eta haitzaren kalitateagatik. Etxetik gertu, Km0 eskalada tradizionala praktikatzeko bide zoragarria. Inguruan dauden beste bide batzuekin konbinatu daiteke gainera, mendiko egun ederra igaroz. 

Horma honetaz gozatzen jarraitzeko arrazoiak hedatuz doaz eta horrela segi dezala. Mila esker bideak ireki eta ekipatzen dabiltzan horie!!


Bideari buruzko datuak:

Hiru luzetan eskalatzen den bidea da. Lehen luzean horma ez da horren konpaktoa eta heldulekuak nahiz eta onak diren tentuz mugitu beharko gara. Azken paraboltetik eskubiruntz egin behar da sapai baten azpitik lehen bileraraino eta bertan belar zerbait topatuko dugu.

Bigarren luzea itzela da, bikaina. Estutzea eskatzen du eta tarteka autobabesa ere eskatuko digu. Gozatzeko bidea da. Luzearen amaieran marmolezko pasarte eder baten sorpresa topatuko dugu!

Azken luzea, misteriorik ez duen irteerarako luze motz bat da.

Orokorrean bide txiki baina ederra. Inguruko beste bideekin konbinatu daiteke.


Erabilitako Materiala: Totem jokoa, fisurero txiki-ertain batzuk eta zinta luzeak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Hurbilketarako informazioa ondorengo helbidean jasota dago jasota: https://eu.wikiloc.com/ibilbide-escalada/bera-6b-muganix-haiako-harria-132729072

Bidea eskalatu ondoren, Muganix puntatik ohiko bidetik jeitsiko gara oinez parkinera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario