Mostrando entradas con la etiqueta Txindoki/Larrunarri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Txindoki/Larrunarri. Mostrar todas las entradas

miércoles, 31 de enero de 2024

Amitzi (Txindoki/Larrunarri): Arima Beltza

Txindoki/Larrunarri alboan izateak bigarren plano batean utzi izan du Amitzi edo Aiznabarreko horma. Horma honek ez du Txindokiren erakargarritasun berbera eta bertan eskalada bide interesgarriak agertu daitezkeela irudikatzea ere konplexuagoa suertatzen da hormaren morfologia beragatik.

Gutxinaka bada ere, Amitzi hormaren sekretuak arakatuz doaz eta azken urteetan trad eskaladarako tenplu txiki bat bilakatu da. Autobabesean eskalatzeko bide interesgarriak ireki dira eta abenturarako eremu emankorra da orain. Mikel Saez de Urabain, Aritz Azkue edo Xabier Artolaren ekarpena benetan eskertzekoa da. Amitzi hormaren inguruko informazioa ondorengo estekan aurkituko duzue:

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

Gure kasuan, Amitzi hormako Arima Beltza bidea errepikatzeko aukera izan genuen eta gozatu ederra hartu genuen. Bide gomendagarria da trad eskalada gustoko dutenentzat. Bideak ez du inongo ekipamendurik baina ondo jarraitzen da. Hiru luze motzetan abentura eskaintzen duen bidea da, arroka onarekin eta pasarte ederrekin. Hirugarren luzean estutu beharra dago eta autobabesarekin ausart jokatu behar da sapai aurreko plakan zein sapaian bertan. Mila esker bideagatik!


Bideari buruzko datuak:

Hiru luzetan eskalatzen den bidea da, oso markatua edo nabarmena ez den espoloi moduko batetatik lehen bi luzeetan eta sapaia baterantz hirugarrenean. Bidearen hasiera hormara itsatsia dagoen bloke berezi baten markatzen du eta hasieran eskuinaldera eta ondoren zuzen egin behar da. Bilera muntatzeko errepisa belartsu batzuetara iritsi arte, espoloiaren oinarrian.

Bigarren luzea ederra da eta oso ondo babesten da autobabeserako materialarekin. Totem sortako tarteko zenbakiak errepikatuz gero jarriko ditugu. Arrakala politak eskalatzen dira arroka honekoak. Bilera sapaiaren azpian dagoen plakaren oinarrian egin genuen. 

Hirugarren luzea da zailena eta ikusgarriena. Sapaiaren azpiko plakan pausu zail bat aurkitu genuen (agian zertxobait eskuinera egin genuelako). Sapaia gainditzeko trabesia labur bat egin behar da ezkerrera eta hemen ere pausu zail bat gainditu beharko da. Ondoren irteera ederra da baina amaiera arte estutu behar da. 

Orokorrean bide txiki baina ederra. Gomendagarria!

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem Jokoa x2, Camalot 3 zbk (Camalot 4 zenbakia eraman ezkero jarriko duzue). Arroka zubietarako zintak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Txindokiko mendebaldeko aristarako bidea hartu behar da hormara hurbiltzeko. Hormaren atzeko aldetik arazorik gabe aterako gara oinez.

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

viernes, 29 de marzo de 2019

Txindoki/Larrunarri: "Eon hai lo... ta jangoek mehe"

Aspalditik begiz jota genuen Huerta bidearen ezkerretara dagoen fisura-diedro bat, urrunetik eta argazkietan nabarmen ikusten dena. Arraroa egiten zitzaigun bertatik biderik ez egotea, behetik goraino logika haundia duen ibilbidea dagoelako.

Hormaren zati hau esploratzera joateko aukera bilatu genuen, ohiko moduan ia zer aurkitzen gindoazen. Krokisean marraztutako bidea jarraitu genuen, autobabeserako materiala erabiliz eta eskalada garbia eta segurua ia posible ote zen ikusteko asmoz.

Bideak hiru zati nabarmen dauzka: lehenengoan plaka etzanak eta oso politak eskalatzen dira bi luzetan (urdaiazpikoa deitu genion zati honi). Bigarren zatian kanal belartsu eta nahiko zikina eskalatu behar da eta beste bi luzetan eskalatu genuen. Zati hau eskalatzeko udaberri edo udarako belarra hazi baino lehen joatea komenigarria dela bagenekien eta asmatu genuen. Pasarte nahiko basatia da hau, belar dexente dago eta udaran edo udaberrian nahiko taponatua egotera iritsi daitekeela esango genuke. 

Hirugarren zatia fisura-diedroa litzateke eta luze bakar batean eskalatzen da. Oso polita da baina gogorra 6b inguru esango genuke, guk 6a-A1 modura eskalatu genuen.





Kanal belartsuan eta baita fisura-diedroan arrokarekin kontuago ibili behar da. Krokisean adierazten den moduan, bi puntutan arroka kaxkarra eta pasarte zikinak ekidite aldera eskubiko paretera pasa beharra dago, bide garbiena bilatuaz.

Iltze zahar batzuk ikusi genituen bi puntutan baina bidearen zertxobait eskubira geratzen dira. Bigarren iltzeak bilera zahar bat dira errepisa haundi batean gure bileratik eskubira. Huerta bidearen arrasto zaharrak izan daitezkeela uste dugu baina ez gaude erabat ziur. Bidea ondo babesten da denbora guztian zehar eta adierazitako materialarekin nahikoa litzateke. Guk iltzeak eraman genituen baina ez lirateke beharrezkoak. Adierazitako puntuez gain bilerak egiteko aukera desberdinak egon daitezke. Ez genuen bidean ezer utzi, erabat garbi dago. 

Ia norbait animatzen den bidea errepikatzera. Abenturako bide interesgarria da belar asko ez dagoen garaietan. Huerta bidetik ere sartzea posible litzateke R4a kokatua dagoen errepisa haundi eta ederraren alturan trabesia bat eginda. Aldi berean gure R2tik Huerta bidera pasatzeko aukera dago, kanal belartsua ekidinez. Animatu!

Azken luzea lurretik ikusia



lunes, 27 de noviembre de 2017

Txindoki/Larrunarri -Tarteko Espoloia-: Ezkutua

Ezkutua hitzak esanahi anitzak dauzka. Batetik, erasoetatik babesteko erabiltzen den estalkia litzateke, gazteleraz "escudo" deitzen dugun hori. Bestetik, ezkutuan geratzen dena litzateke, agerikoa ez dena alegia. 

Bide honekin antzerako gauza bat gertatu zaigu, izan ere, bi zentzu hauek ere bere baitan jasotzen dituela esango nuke. Lurretik eta argazkie begira nabarmena den ezkutu bat izan genuen erreferentzia eta pasarte hau bidearen puntu politenetako bat izan da gainera. Baina aldi berean, eskalatutako bidea bera eta baita espoloi osoa ere zertxobait ezkutuan ere bazirela dirudi, Txindokiko beste bide eta pareten artean atentzio askorik jaso ez duelako. 

Ez genuen aurretiaz ezagutzarik biderik ba ote zuen edo ez eta hara gauzak zer diren gerora jakin dugu (Iñaki Zuzari esker), espoloiari buruzko erreferentzia bakarra Miguel Anguloren "Parajes secretos del País Vasco" liburuan jasotzen dela. Nonbait sekretu edo ezkutuko paraje modura deskribatua zegoen dagoeneko... Liburu honetan, espoloia eskalatzen duen beste bide bat badagoela adierazten da eta deskribapenaren arabera guk burututakoaren ezkerrera geldituko litzateke espoloia nahiko zuzen eskalatuta. Ia beste batean bide honen bila gerturatzen garen eta informazioa osatzen dugun.
 
Argazkiaren jatorria: http://christianpau.blogspot.com.es/2015/11/eskualido-karnero-y-patxirena-al.html

Bideari buruzko datuak:

Bide erraza eta interesgarria bere lehen bi luzeetan. Pena da hirugarrenak ez duela aurrekoen kalitaterik. Arroka oso ona da lehen bi luzeetan. Hirugarrenean belarra eta arroka partekatzen dira eta kontuago eskalatu beharra dago aske dauden bloke batzuekin egin bait dezakegu topo. Autobabesean trebatzeko bide egokia da, oso ondo babesten delako. Inguruko beste bideekin konbinatzeko aproposa da.

Lehen luzea (IV, 35m): Gendarme moduko bat ezkerretara daukagula kanalizo batzuetatik hasi, plaka bat gurutzatu eta babaresa txuri bat eskalatu. Babaresa amaitzean zuzen aurkitzen ditugun zulo eta arrakaletarantz jo (arroka zubia) eta ondoren trabesia labur bat ezkerretara egin lehen nitxo batetara. Hau igaro eta bigarren nitxoan bilera egin (arroka zubia eta fisura onak Totem laranja eta BD 3).

Bigarren luzea (IV+, 40m): Nitxotik zuzen atera aurrean dugun plaka eskalatuz (bideko pausurik zailena eta anbientillo pixkat ematen diona. Bilera gainean babestu). Arrrakala nabarmen bat jarraitu ezkutuaren azpian kokatu arte. Ezkutuaren azpitik ezkerretarantz egin diedroa eta ezkutuaren artetik pasa eta bilera ezkutuaren gainean egin errepisa on batean (2 arroka zubi sendo eta fisura ezberdinak babesteko).

Hirugarren luzea (III, 40m): Irteerako luzea, arroka eta belarra tartekatzen dira. Kontuz zer heltzen dugun, zenbait bloke kili-kolo egon daitezke. Bileratik nahiko zuzen arrakala horizontal bat duen muro bat eskalatu eta hortik aurrera etzan egiten da gailurreraino. Pena da luze honek arroka hobea ez izatea, ez baitago besteen parean.


Bigarren luzea eskalatzen. Bideko pasarterik zailena lehen bileraren ondoren datorren plaka litzateke ondoren arrakala politak hartu arte. Argazkian bidean utzi genuen iltze bakarra jartzeko momentua ageri da.

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem jokoa, Camalot 3a eta 3.5a eta Basic Cam semaforoa (basic hibrido batzuk ere ondo datoz). Bidean kordino bat haitz zubi batean eta iltze bat bakarrik utzi dugu, bidea zertxobait markatzeko. Zinta eta kordinoak eraman haitz-zubietan erabiltzeko.

Jeitsiera: espoloiaren ezker aldean geratzen den kanala hartu beharko dugu "arrastraculos" izenarekin ezagutzen dena (argazkian kolore berdeko gezi batez adierazia). Jeitsiera azkar burutzen da. Minutu gutxian berriro hasierako lekuan egongo gara.

Oharrak:  espoloi honek toponimorik ote duen edo ez galdezka  ibili gara baina ez dugu informaziorik topatu. Norbaitek espoloiaren izenaren inguruko informaziorik balu asko eskertuko genuke. Oraingoz, tarteko espoloia modura identifikatu dugu.



Nola iritsi

Larraitzetik Txindokira doan bide arrunta arte, Oria iturria pasa ondoren Tximista bidean gora egin eta paretetara hurbiltzean ezkerrerantz egin. Abilategi espoloia lehendabizi eta plaka gorriak ondoren igaro ondoren, tarteko espoloiarekin egingo dugu topo.

Tarteko espoloiaren kokapena eta bidea bera marraztu ditugu Iñaki Zuzak eginiko krokisean