jueves, 28 de noviembre de 2013

Ahaztutako Bideak: Elkeitz/Deskansarri

Hainbat eskalada eremu ttiki zein handi dauzkagu Euskal Herrian zehar sakabanatuta. Horietako zenbait aski ezagunak eta jende asko erakartzen dutenak dira, beste zenbait aldiz nahiko basatiak eta urtean bisita gutxi jasotzen dituztenak. Urteak joan eta urteak etorri zenbait bide asko errepikatzen dira arrazoi desberdinak direla medio (edertasuna, haitzaren kalitatea, ekipamendua, gertutasuna, gradua, informazio erraztasuna, etab) eta beste zenbait aldiz ahaztuta geratzen doaz.

Blog honen bitartez bide ahaztuen berreskurapena bultzatu nahiko genuke, kasu askotan bide hauek duten iluntasun maila ez baitago justifikatua, kalitatezko altxor txikiak aurkitzen baitira han-hemenka. Eskalada eremu basatienetatik ibiltzen garenean eta bide modernoek ezkutatu ez dituzten iraganeko aztarnak aurkitzean konturatzen gara askotan gure aurreko belaunaldiek zein begi eta estiloarekin ulertzen zuten eskalada. Gure inguruneko mendietan parabolten erabilera ahalik eta gutxiena izatea defendatzen dugunontzat atsegingarria da beste garai batzuetan aztarna urriak utzita eskalatzen zutela konturatzea. Guk egun ditugun baliabideekin zergatik utzi behar ditugu hainbat bide paraboltez josiak, hauek friend eta fisureroekin ederki babestu daitezkeenean? Guztiz ados gaude, Mikel Saez de Urabainekin: eskaladan ere memoria historikoa mantentzea egokia litzateke, ahaztutako bideak ez ditzagun zanpatu eta guk ere modu garbiago batean eskalatzen ikasi dezagun.

Udazken honetan apenas ezagutzen den eskalada eremu bati egin genion bisita. Huarte-Arakil-go Aiztondo eskalada eskolak itzal handia egiten dio pareta ttiki honi eta bisita oso gutxi izaten dituela nabaria da. Zenbait iturritan Elkeitz izenarekin ematen da aditzera eta beste zenbait lekutan Deskansarri izena ematen zaio. Modu batera edo bestera, zihur gaude zuetariko askok gertutik ikusia duzuela, kotxetik eta jende asko igarotzen den lekuetatik begibistan geratzen baita. Nahiz eta informaziorik ez izan, gu baino lehenago beste zenbait pareta honetatik ibiliak zirela nahiko argi genuen, baina guztia konprobatzeke zegoen oraindik. Parking-era iritsi eta kotxetik jetsita paretak itxura nahiko kontraesankorra erakutsi zigun. Aiztondoko plakak beharrean fisura, diedro, kanal eta tximiniak dira nagusi (EDERKI!!!), baina zuhaixka eta belarrek pareta zertxobait hartua dute eta haitzaren kalitatea duda da oraindik (Ufa!).

Paretera gerturatu eta lehen aztarnak azkar aurkitu genituen. Plaka etzan baten hasieran bi espitek bide zahar baten hasiera adierazten dute. Ezkerraldera mugituta, parabolt berriez osatutako marra bat aurkitu dugu baita, ustez paretan gora luze bat baino gehiagoz goruntz doana (Krokisean urdinez margotua). Hala ere, paretak aukera desberdinak ematen dituela ikusita hasiera batean behintzat aztarnarik erakusten ez duten fisurak aukeratzen ditugu hasteko. Gaur 4 lagun elkartu gara eta bi kordadatan bide ezberdinetatik eskalatuko dugu pareta. Paretean gora goazela gozatzen ari gara, haitzaren kalitatea nahiko ona da eta arrakalak babesteko txukunak eta eskalatzeko politak dira. Pareta honetara jende gehiago hurbilduko balitz, bideak asko garbituko lirateke hauen kalitatea nabarmenki handituz.

Argazkia: http://txinbeleta.blogspot.com.es/2010/11/circular-san-miguel-de-aralar.html

Gorri koloreko bidea (180 mt, 6b)

Materiala: Totem Cam 2 joko, C4 (4. zenbakirarte), fisurero joko zabal bat.

Informazioa: bidearen hasiera fisura eder eta gogor batetatik hasi genuen, zailtasun handienak luze honetan aurkituko ditugularik (42m. 6b). Lehen luze honetatik aurrera zailtasunak homogeneoagoak dira. Bigarren luzea zuzen zuhaitzen atzean ezkutatzen den diedro batetik hasi eta ondoren hiltze batek eskubira gelditzen diren fisurak hartzera gonbidatuko gaitu, spit bat eta hiru hiltzez osatutako bileraraino (35m IV+). Metro batzuk eskubira egin kanal moduko batean barneratuz, hasieran plaka fin bat eta ondoren zapai txiki bati aurre egiteko (48m. V+). Metro batzu oinez egin (20m. III) eta ondoren irteerako ertzera eramango gaituen fisura erraz eta polit bat hartu (35m. IV), tontorretik azken bilera egiteko.

Bidean zehar hainbat arrasto aurkitu genituen: lehen bileran eta bigarren bileran anilladun spit-ak eta bigarren eta hirugarren luzean hiltze bat edo beste. Beraz, ahaztutako bideren batekin gurutzatu ginela uste dugu bigarren eta hirugarren luzean behintzat. Bide hau, guk eskalatutako fisura baina zertxobait eskubirago hasten dela uste dugu baina ez gaude zihur non bukatzen den.

Berde koloreko bidea (180 mt, 6a)

Materiala: Totem Cam 2 joko, C4 (4. zenbakirarte), fisurero joko zabal bat eta hiltze pare bat.

Informazioa: Hasiera diedro nabari batetik (parabolt lerrotik eskubira 10m'ra gehienez). Lurretik 7m'ra edo diedrotik eskubira atera ginen, gorago berriro diedrotik jarraituaz (R1, 20m). 4m'ko fisura zabal bat eskalatzen da eskubiruntz (bide hasieratik ikusten da) eta ondoren, datorren diedro eta kanala (bideko tramorik zakarrena), zutabearen gailurreraino (R2, 30m). Metro batzuk jaitsi eta eskubiruntz fisura eder bat eskalatu arroka oso onean eta segidan, pareta garbiena jarraitu, eskalada bertikal eta seguru batean (R3, 50m). Irteerako ertzaren bila joan ezkerretara eta hau jarraitu gailurreraino.
Bigarren bileran kordino oso zahar bat topatu genuen. Gainontzekoa garbi dago. 


Kokapena: 

Huarte-Arakiletik San Miguelera doan pista hartu, Aiztondora joateko parking-a pasa eta metro batzuren ondoren ezkerretara Elkeitz/Deskansarriren magalean dagoen kanterara sartzeko bidexka hartu. Kotxea kanterako sarreran utzi. Hurbilketa burutzeko San Miguelera oinez igotzeko bidea hartu eta pareta nagusiaren aurrealdean dagoen muinoa pasa ondoren eskubirantz eta goruntz paretara gerturatu.

Mapa: http://escaladaennavarra.blogspot.com.es/2012/10/uharte-arakil-aiztondo-sector-irripe_13.html

Oharrak: 

Asko eskertuko genuke pareta honetan dauden bide zahar eta berrien informazioa. Kontuan izan hegaztiek ere paretak erabiltzen dituztela babesleku modura eta beraz errespetatu hauek behar duten espazioa, batez ere ugalketa garaian.

1 comentario:

  1. Kaixo!
    Josema Berrocoso naiz ta saltseon zure bloga aurkitu dut. Benetan ados nago zuen pentsakera ta planteamenduekin. Deskansarrin eskalatu dugu anaia eta biok eta zeoze badakigu. Gustatuko litzaidake dakidana zurekin komentatzea, baina nola?nire e-maila berrokoso@hotmail.com da.
    Ondo segi ta laister harte!

    ResponderEliminar