domingo, 28 de septiembre de 2014

Ahaztutako bideak: Balerdi - Flor de Otoño

Aukeratzen dugun bidea aukeratzen dugula ere Balerdin eskalatu ahal izateko abenturarako grina pizturik eraman beharra dago. Bide bakar batek ere ez du ezer oparitzen eta pasarte desberdinetan aurkitu gaitezke krokisa begiratuta aurreikusten genuena baino gehiago estutzen. Euskal Herrian zehar eskalatu daitekeen paretarik basatienetakoa da dudarik gabe. Bere kokapena, altuera, bertikaltasuna, bakardadea eta naturaltasunak izaera berezia ematen diote eta etxetik gertu abentura ederrak bizitzeko aukera dugula gogorarazten digu. Pareta eder honek belaunaldi desberdinetako eskalatzaileak erakarri izana ez da batere harritzekoa. Azkarateko frontoia deitzen dioten pareta honetan lehen bideak 70. eta 80. hamarkadan ireki ziren. Harritzekoa da oso denbora gutxian 1982 eta batez ere 1983. urtean ireki zirela logika handiko baino baita zailtasun handiko hainbat bide: Incidente Mishima, Zakilixut, Felix Ubierna, Noiz-Bait, Flor de Otoño, Txepaloka, Murci, etab. Zelako urtea bizi izan zuten Balerdiko paretetan garaiko eskalatzaileek!! Garai haietako bide guztien bilduma eta informazio praktiko guztia Pyrenaica aldizkariko 136. alean agertu zen eta egun zortez sarean aurkitu daiteke. 


Ondorengo belaunaldiek nahiko ahaztua izan dugu Balerdiko eskalada gunea eta bide gehienek zaharkitze handi bat pairatu dute. Hala ere, eskerrak salbuespenak egon direla eta batez ere Mikel Saez de Urabainen bultzadari esker bide berriak ireki dira eta beste zenbait garbitu eta berreskuratu. Egun bide desberdinak aukeratu dauzkagu Balerdin baina beti ere abenturako eskaladaren eremuan kokatzen garela eduki behar dugu kontuan. Bide berrien inguruko informazioa eta baita informazio praktikoa Mikel Saez de Urabainek sortutako blogean aurkitu daiteke:


Duela aste gutxi blog honen lagun batzuk Balerdiko Flor de Otoño bidea eskalatzearen erronkari ekin zioten. Hauxe da garaiko krokisa, eskaladaren altxor historiko txiki bat.



Hauxe da kontatutakoa: 

Beste behin lortu nuen norbait engainatzerik Balerdira eskalatzera joateko. Hasiera batean Sola Crack bideari erreparatu genion baina krokisak dioen 7a nahitaezkoa gehitxo iruditu zitzaigun, eskola zaharrekoak bai gara.
 
Eskola zaharrekoak izaki, Flor de Otoño askozaz ere egokiago zirudien paperean. Bere diedro eta arrakala ikusgarriak ez dio eskaltzaileari ihes egiten, hurbilketa Azkaratetik egiterakoan.
 
Bideari dagokionean... Escalada Recia... Old school... zer esan behar... abentura gustoko dutenentzat bide polita... eta gogorra.
 
Luzeei dagokionean:
 
1. Tximinia estuan igotzen zailtasun berezirik eskaintzen ez duena. Kanpotik ere egin ahal omen da... lehenengoak hala ere nik uste ez duela duda handirik izango barrutik joateko ibilbidearen gehiengoan. Iltze bakarra topatu genuen. Notizia txarrena bilerara iristen... sekulako sasi mordoa aurkitu genuen, pasa hala ez pasa duda serioa ezartzeko modukoa. Azkenik, hainbat arantza gorputzean bilerara iristeko modua oizan genuen.
 
2. Bileratik ikusita ez du batere itxura onik eta eskalatzen hasita konfirmatzen da asuntoa. Uste det ez genuela erarik errazenean eskalaten asmatu, ez batak ez besteak. Erabat enpotratuta eskalatzen asmatuz gero agian V+era hurbildu daiteke... ez dakit... guri ordea 6b gutxienez iruditu zitzaigun. Liken txuri batek estaltzen du arroka hasieran eta benetan tentuz ibili beharra dago. Artifizialean pasarte zailena pasatzerik badagoela esango nuke. Argi. Luze amaiera aldera ere beste sorpresarik ere badu. Hau 6a nahitaezkoa iruditu zitzaidan eta aseguratzeko eskas (trasto oso handiekin ez bada). Eskubitara dagoen adar batek laguntzen du, bai aseguratzen baita pasartea gainditzen ere.
 
3. Aurrekoa eta gero, ezer okerragorik ezin zen etorri eta halaxe izan zen. Paperean hau ere V+, bainan aurrekoa baino dezente errazagoa. Polita. Era guzietako oposizioekin, piskanaka, piskanaka nahiko erraz gainditu genuen, hori bai urduri.
 
Errepikapenerako, artazi eta larruzko eskularru batzuk ederki etorriko ziren lehenengo luzeko sasiei aurre egiteko. Norberak babestu beharreko bidea da nahiz eta iltze zaharrak aurkitu. Guk, aipatu nahi ez dudan marka bateko 4. zenbakirarte eraman genituen trastoak. 5a edo 6a ere sartu sartuko ziren.
Bideak eskarmentua eman zigun. Gomendagarria? Gu gustora geratu ginen... eta sano.
 
Ea sasi eta liken horiek garbitzen ditugun. Eta ohar erakargarri bat: bigarren luze eder eta ikaragarri bat irekitzeke dago, 1. bileratik ezkerrera segitzen. Arrakala zabal eta eroriko dezentea duen batetik ez dirudi inor pasa denik...

Bidearen kokapena:



3 comentarios:

  1. 1. luzea eta bilera garbitu ditut. Oain ez dao aitzakiik egurra emateko!

    ResponderEliminar
  2. Ze ona Atallu!! Ia urtea amaitu baino lehen joateko aukerarik dugun. Mila esker konpartitzeagatik!!

    ResponderEliminar
  3. Casino de Grosvenor - Casino in Saint-Germain -
    Casino de Grosvenor, located in Saint-Germain in Grosvenor, Malta, 생활 바카라 is 마틴게일 전략 a casino you bet in Saint-Germain. It is open 먹튀사이트 조회 daily from 여수 op 사이트 09:00am-12:00am.

    ResponderEliminar