jueves, 14 de enero de 2021

Lizarrusti: Galduen Espoloia

2020an zehar norberaren lurralde historikoan kokatutako beste udalerri batzuetara joateko aukerak eman bezain azkar Lizarrustira bueltatzeko erabakia hartu genuen eta zein pozik bueltatu gainera. Lagun batzuei ordurarte eskalatuak genituen bideak non hasten diren eta nolakoak diren azaltzen egon ginen Jendetza sektorean. Lagunek eskalatuko zuten bidea aukeratu zutenean Espolon Munduaterantz jo genuen, horixe baitzen egun hartarako genuen asmoa. Erabat despistatu eta ezkerrerago joan ginen nahigabean. Galduta eta despistatuta genbiltzala, horma batekin egin genuen topo eta bertatik eskalatzen hastea erabaki genuen, Espolón Munduate izan zitekeelakoan. Lehen luzea eskalatzerako konturatu ginen okerreko lekuan geundela baina bueno gustora ere bageunden. Bigarren luze bat eskalatu genuen hormatik irteteko eta orokorrean bideak pasarte polit batzuk bazituela iruditu zitzaigun. Lagunekin elkartzean barre egin genuen despisteak eman zigun emaitzaz. Konfinamendu ostean oso fin ez geundela bistan da.

2020 Abenduan, bigarren batez eskalatu genuen horma berbera. Garbiketa zerbait egin (asko ere ez) eta kordino batzuk ipini genituen. Bigarren aldi honetan, bidea gehiago gustatu zitzaigun, batez ere neguan landaretza gutxiago aurkitu dezakegulako, bai bide honetan eta baita Gorokarastako beste bide guztietan ere. Bideak ez du Gorokarastako beste hainbat bidek duten kalitatea, batez ere lehen luzearen bigarren zatia belartsua delako, baina Espolon Munduaterekin konbinatzeko adibidez eta metro gehiago eskalatzeko aukera ematen du. Bigarren luzearen amaiera polita da eta zapore onarekin utzi zaitzake.

Azken urte honetan galduta ibiltzea ohikoa bihurtu zaigu eta gauza asko galdu ditugu. Ia horrela izanda ere bideak aurkitzen jarraitzen dugun.

 


Bideari buruzko datuak:

Galduen espoloia Espolon Munduate bidearen ezkerretara geratzen da. Bertara iristeko, Lareo urtegira doan bidea hartu eta jendetza sektorea igaro ondoren lehen kurba nabarmena eskuinera egiten den momentuan basoan goruntz jo, garbien dagoen hormaren bila. Bidea espoloiaren eskubi aldetik hasten da eta kordino batez inguratuta dagoen zuhaitz batek markatzen du hasiera.
 
Horma ez da espoloi nabarmen bat. Espoloi izaera bigarren luzean hartzen duela esan daiteke. Horregatik bi luzeak hormaren bi zatiak eskalatzeko dira.

Lehen luzean (50m), espoloiaren eskuineko oinarria eskalatzen da. Lurretik, arroka zubi handi batean kokatua dagoen kordino batetarantz jo beharko dugu (bidearen oinetik nabarmen ikusten da) eta bere gainean dagoen plaka polit bat gainditu. Plakaren ondoren diedro belartsu batetarantz jo beharko dugu, eta ezkerrerantz zerbait jo, diedroak gune belartsura jotzen duenean. Tentuz ibili puntu honetan arroka ez baita horren egonkorra. Hortik aurrera, horma etzan egiten da eta arroka ikusten dugun lekutik eskalatzen jarraitu bigarren eta handiena den zuhaitz batetaraino. Zuhaitzean kordino bat kokatua dago bertan bilera egin ahal izateko.

Bigarrena (30m), lehen luzea baino politagoa da eta arroka kalitate hobekoa ere bada. Bileratik zuzen plaka etzan bat eskalatu beharko da (kordino batek markatzen du bidea) eta diedro batetarantz jo. Berriro ere diedroa ezkerreruntz gainditu beharko dugu espoloiaren azken zatian sartu ahal izateko plaka polit bat igaroz.

Bidearen hasiera


Erabilitako Materiala: Totem Cam Jokoa, Camalot 3 zbk eta arroka zubi zehin zuhaixketarako zintak.

Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta ezkerreruntz Alleko basoaren bira burutzen duen bidearen bila. Bide honek Lareo urtegira doan bidera jeitsiko gaitu eta bertatik Parkinera bueltan joan ahal izango gara. Bide hau eskalatu ondoren Espolon Munduate edo Jendetza sektoreko beste bide bat eskalatu nahi badugu, eskubiruntz jo beharko da, Espolon Munduate eta Jendetza sektoreen artean dagoen kanalaren bila. Kanalaren amaieran 30 metroko rapel bat eginez azkar joan ahal izango gara sektore hauetara.

OharrakGomendagarria da bide hauek errepikatzean garbiketarako material zerbait eramatea, zerratxoa eta eskularruak abididez. Modu horretan bideak txukunago mantenduko dira. 
 
Nola iritsi
Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster Gorokarastako haitzak ikusgai izango ditugu. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg

No hay comentarios:

Publicar un comentario