2020an zehar norberaren lurralde historikoan kokatutako beste udalerri batzuetara joateko aukerak eman bezain azkar Lizarrustira bueltatzeko erabakia hartu genuen eta zein pozik bueltatu gainera. Lagun batzuei ordurarte eskalatuak genituen bideak non hasten diren eta nolakoak diren azaltzen egon ginen Jendetza sektorean. Lagunek eskalatuko zuten bidea aukeratu zutenean Espolon Munduaterantz jo genuen, horixe baitzen egun hartarako genuen asmoa. Erabat despistatu eta ezkerrerago joan ginen nahigabean. Galduta eta despistatuta genbiltzala, horma batekin egin genuen topo eta bertatik eskalatzen hastea erabaki genuen, Espolón Munduate izan zitekeelakoan. Lehen luzea eskalatzerako konturatu ginen okerreko lekuan geundela baina bueno gustora ere bageunden. Bigarren luze bat eskalatu genuen hormatik irteteko eta orokorrean bideak pasarte polit batzuk bazituela iruditu zitzaigun. Lagunekin elkartzean barre egin genuen despisteak eman zigun emaitzaz. Konfinamendu ostean oso fin ez geundela bistan da.
2020 Abenduan, bigarren batez eskalatu genuen horma berbera. Garbiketa zerbait egin (asko ere ez) eta kordino batzuk ipini genituen. Bigarren aldi honetan, bidea gehiago gustatu zitzaigun, batez ere neguan landaretza gutxiago aurkitu dezakegulako, bai bide honetan eta baita Gorokarastako beste bide guztietan ere. Bideak ez du Gorokarastako beste hainbat bidek duten kalitatea, batez ere lehen luzearen bigarren zatia belartsua delako, baina Espolon Munduaterekin konbinatzeko adibidez eta metro gehiago eskalatzeko aukera ematen du. Bigarren luzearen amaiera polita da eta zapore onarekin utzi zaitzake.
Azken urte honetan galduta ibiltzea ohikoa bihurtu zaigu eta gauza asko galdu ditugu. Ia horrela izanda ere bideak aurkitzen jarraitzen dugun.
Bideari buruzko datuak:
Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta ezkerreruntz Alleko basoaren bira burutzen duen bidearen bila. Bide honek Lareo urtegira doan bidera jeitsiko gaitu eta bertatik Parkinera bueltan joan ahal izango gara. Bide hau eskalatu ondoren Espolon Munduate edo Jendetza sektoreko beste bide bat eskalatu nahi badugu, eskubiruntz jo beharko da, Espolon Munduate eta Jendetza sektoreen artean dagoen kanalaren bila. Kanalaren amaieran 30 metroko rapel bat eginez azkar joan ahal izango gara sektore hauetara.
Oharrak: Gomendagarria da bide hauek errepikatzean garbiketarako material zerbait eramatea, zerratxoa eta eskularruak abididez. Modu horretan bideak txukunago mantenduko dira.
https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg |
No hay comentarios:
Publicar un comentario