Kopako Harria eskaladarako oasi bat bezalakoa da, ederra eta lasaigarria. Kasu honetan, sektore ezagunetatik kanpo geratzen diren bi bide labur baina interesgarriren berri eman nahi dizuegu.
Aurkezten ditugun bideen kokapena "ekialdeko orratzetan" litzateke. Orratz hauek Eguzkilore sektorearen ekialdera (parkinetik begiratuta eskubira) kokatuko lirateke. Multzo honetan daude zertxobait sakabanatuta "ttiki espoloia" (http://euskalherriatrad.blogspot.com/2013/05/kopakarri-ttiki-espoloia.html) eta post honetan aurkezten dugun "Jano orratza".Jano orratzaren baitan bi arrakala aurkitugu ditugu. Bata, hego-ekialde aurpegian dago kokatua eta bestea ipar aurpegian. Autobabeserako bi luze eskalatzeko aukera ematen da orratz honetan, bata alde batetik eta bestea bestetik, orratzak bi solairu moduko itxura hartzen du eta. Hala ere, solairu edo aurpegi bakarra eskalatzeko aukera dago, ipar aurpegira oinez iritsi gaitezkeelako Eguzkilore sektoretik gora, ttiki espologia dagoen txokora joanda.
Jano orratza bezala izendatu dugu, gauza gehienek bi alde edo aurpegi izaten dituztelako, aintzinako mitologietan edo pentsamoldeetan jasota utzi zen bezala.
Bideek arrakala adierazgarriak jarraitzen dituzte eta gradu apala duten arren eskalatu beharra dago. Hego-ekialdeko arrakalak babaresa estiloa erabiltzea eskatuko digu eta ipar-aurpegiko bideak aldiz goikaldeko irteeran tentuz ibiltzea eta estutzea eskatzen du.
Espero dugu bideak gustukoak izatea eta inguruneak merezi duen zaintza eta mimoa mantentzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario