Anboto mendiaren ekialdeko aurpegia Euskal Herriko paraje ikusgarrienetakoa da, gure lurraldeko mito eta kondaira hainbaten sorlekua. Bertan eskalatzen egon ahal izatea opari bat bezalakoa da. Urtean zehar epealdi labur batean bakarrik eskalatu daiteke (irailaren 15etik abenduaren 31era) eta hormak lehortzeko denbora behar du. Hori dela eta, ez dira egun asko izaten urtean bide hau eskalatzeko baldintza egokiak eskaintzen dituztenak. Denbora luzez bide honen atzetik ibili ondoren aurten izan dugu eskalatzeko aukera eta gozatu ederra hartu genuen!
Kalitate handiko bidea iruditu zaigu Mari Urrika, pasarte ederrak ditu plaka, kanalizo eta fisura politak zeharkatuz. Ekipamendu finko gutxi aurkituko dugu eta autobabeserako material sorta egoki bat eramatea beharrezkoa da. Oso gomendagarria, beti ere, estilo nahiko "alpinoa" duela kontuan hartuta.
Bideari buruzko datuak:Bideak bi zati ezberdin ditu eta tartean oinez egin beharreko 40 metroko pasarte bat dago lepo batean. Lepotik oinez jeistea posible ikusten da beharrezkoa balitz eskubirantz eginda.
Hormaren lehen zatian hiru luze eskalatu behar dira. Lehen luzean (III+/IV) plaka eta kanalizo oso politak eskalatzen dira. Bigarrenean (V), plaka nahiko etzan baten ondoren fin eskalatu beharreko fisura bat hartu behar da ezkerrerantz. Fisura amaitzean plaka pausu batekin bileraren bila joango gara dezente ezkerrera eginda. Hirugarren luzean (V+/6a), plaka polit bat zuzen eskalatu eta ondoren ezkerrerantz egiten duen kanal erraz bat hartu behar da lepora irten arte.
Bigarren zatian, pasarte bertikalagoak eta anbiente handikoak eskalatzen dira. Laugarren luzean (V/V+) diedro belartsu batetarantz jo beharra dago eta bertan plakatik batzuetan eta diedrotik besteetan babesteko eta pausuak erosotasunez egiteko aukerak bilatu behar dira. Luzearen amaieran azken pausu bat egin behar da plakan bilerara iritsi arte. Bostagarren luzea (6a) mundiala da, benetan itzela, baina zertxobait gogorra psikologikoki, paraboltetatik gora eskalatu beharra dago, kanalizoetan jartzen diren frienak erabateko lasaitasuna ematen ez dutelarik. Azken luzea (III) erraza baina polita da, belarrezko errepisa batzuetarino. Bertatik dugun ikusmirak amaiera ederra eskaintzen digu.
Erabilitako Materiala: kordino hainbat arroka zubietarako, Totem jokoa (berdea, morea eta horia x2), Camalot 3 zbk. (x2), Camalot 4 zbk. Fisureroak eraman genituen baina ez genituen erabili.
Jeitsiera: Gure aukera ipar-ekialdeko aristatik jeistea izan zen (II. graduko pausuren bat edo beste destrepatu behar da). Beste aukera bat Anbotoko gailurrera igotzea litzateke ohiko bidetik jeisteko.
Oharrak: Krokisean markatuta dauden arroka zubietan kordino zaharrak aurkituko ditugu. Kordinoak bidea markatzeko oso ondo datoz baina ez daude egoera onean eta ez dute segurtasun nahikorik eskaintzen. Norberak eramandako kordinoak ipintzea litzateke egokiena kordino zaharrak dauden lekuetan edo hauek aldatzeko materiala eramatea
Nola iritsi: Gure kasuan Arrazolatik egin genuen gerturaketa Artaungo Sakonara doan bidea hartuta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario