miércoles, 31 de enero de 2024

Amitzi (Txindoki/Larrunarri): Arima Beltza

Txindoki/Larrunarri alboan izateak bigarren plano batean utzi izan du Amitzi edo Aiznabarreko horma. Horma honek ez du Txindokiren erakargarritasun berbera eta bertan eskalada bide interesgarriak agertu daitezkeela irudikatzea ere konplexuagoa suertatzen da hormaren morfologia beragatik.

Gutxinaka bada ere, Amitzi hormaren sekretuak arakatuz doaz eta azken urteetan trad eskaladarako tenplu txiki bat bilakatu da. Autobabesean eskalatzeko bide interesgarriak ireki dira eta abenturarako eremu emankorra da orain. Mikel Saez de Urabain, Aritz Azkue edo Xabier Artolaren ekarpena benetan eskertzekoa da. Amitzi hormaren inguruko informazioa ondorengo estekan aurkituko duzue:

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

Gure kasuan, Amitzi hormako Arima Beltza bidea errepikatzeko aukera izan genuen eta gozatu ederra hartu genuen. Bide gomendagarria da trad eskalada gustoko dutenentzat. Bideak ez du inongo ekipamendurik baina ondo jarraitzen da. Hiru luze motzetan abentura eskaintzen duen bidea da, arroka onarekin eta pasarte ederrekin. Hirugarren luzean estutu beharra dago eta autobabesarekin ausart jokatu behar da sapai aurreko plakan zein sapaian bertan. Mila esker bideagatik!


Bideari buruzko datuak:

Hiru luzetan eskalatzen den bidea da, oso markatua edo nabarmena ez den espoloi moduko batetatik lehen bi luzeetan eta sapaia baterantz hirugarrenean. Bidearen hasiera hormara itsatsia dagoen bloke berezi baten markatzen du eta hasieran eskuinaldera eta ondoren zuzen egin behar da. Bilera muntatzeko errepisa belartsu batzuetara iritsi arte, espoloiaren oinarrian.

Bigarren luzea ederra da eta oso ondo babesten da autobabeserako materialarekin. Totem sortako tarteko zenbakiak errepikatuz gero jarriko ditugu. Arrakala politak eskalatzen dira arroka honekoak. Bilera sapaiaren azpian dagoen plakaren oinarrian egin genuen. 

Hirugarren luzea da zailena eta ikusgarriena. Sapaiaren azpiko plakan pausu zail bat aurkitu genuen (agian zertxobait eskuinera egin genuelako). Sapaia gainditzeko trabesia labur bat egin behar da ezkerrera eta hemen ere pausu zail bat gainditu beharko da. Ondoren irteera ederra da baina amaiera arte estutu behar da. 

Orokorrean bide txiki baina ederra. Gomendagarria!

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem Jokoa x2, Camalot 3 zbk (Camalot 4 zenbakia eraman ezkero jarriko duzue). Arroka zubietarako zintak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Txindokiko mendebaldeko aristarako bidea hartu behar da hormara hurbiltzeko. Hormaren atzeko aldetik arazorik gabe aterako gara oinez.

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario