martes, 14 de octubre de 2025

Larrasa: Sartara

Sartara bidea Euskal Herriko abenturazko bide klasiko nagusien artean kokatu beharko genuke. Lekua eta ingurunea zoragarriak dira, bideak gogor eskalatzea eskatuko digu fisikoki zein mentalki, gerturatzea eta itzulerak ere bere denbora eskatuko digute eta orokorrean mendiko eskalada egun zoragarri bat pasatzeko osagai guztiak biltzen ditu.

Sartara bidea 1981eko uztailaren 25 eta 26ean zehar ireki zuten Joseba Lores, Iñaki Lores eta J. Francisco Urteagak. Bide honen berri Pyrenaica aldizkariaren 124. zenbakian eman zuten. https://pyrenaica.emf.eus/wp-content/uploads/hemeroteka/124/pdf/pyrenaica_124_39.pdf

Bideari buruzko deskribapen xume batekin batera ondorengo krokisa osatu zen:

Iturria: Pyrenaica aldizkaria, 124 zenb.

Zailtasunari dagokionean V+, A1 bezala graduatu zen garai hartan. Bide klasiko hainbatekin gertatzen den moduan, gaur egungo estandareetan 6a edo gehiago lirateke batez ere bigarren eta bostgarren luzea. Luze hauek gogor estutzea eskatuko digute eta adoreziaz jokatzea pasarte zailenak kudeatzeko. Hirukote honek sekulako bidea irekitzea lortu zuten baliabide gutxirekin eta egungo material modernorik gabe!! Txapela kentzekoa!!

Bideari buruzko datuak:

Eskalada bertikala ia denbora guztian. Diedro, fisura eta tximeneak zeharkatzen dira eta beraz eskalada klasikoan eskarmentua eduki behar da. Bigarren eta bostgarren luzeak dira zailenak eta librean eskalatzeko esfortzu handia eskatuko digute. Benetan kalitate handiko luzeak dira hauek eta anbiente izugarria eskaintzen dute. Orokorrean bidea ondo babesten da, baina trebezia beharko dugu autobabeserako materialarekin. Tarte batzuetan boj zuhaixkak ere zeharkatu beharko dira baina orokorrean harkaitzaren kalitatea oso ona da.

Erabilitako Materiala: Friend eta mikrofriend sorta, 4 zenbakirarte (totem ertain batzuk errepikatu genituen), fisureroak eta arroka zubietarako zintak.

Hurbilketa eta jeitsiera: Lagran herriaren amaieratik ateratzen den pista bat hartu behar da GR1 eta GR38a jarraituz. Pistaren amaieran parking bat topatuko dugu kotxea uzteko. Hurbilketa eta jeitsierari buruzko informazio osoa ondorengo esteketan topatuko dugu:
Bideari buruzko informazio gehiago:

miércoles, 29 de enero de 2025

Muganix - Harribeltza: Bera

Aiako Harriaren parte den Muganix puntako eskalada hormak biziberritze nabarmen bat izan du azkenaldian, eskalatzaile desberdinen eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ekimenari esker. Horma ikusgarria da eta haitzaren kalitatea oso ona da. Leku ederrean dago kokatua eta kalitate handiko gunea bilakatu da. Egun, kirol-eskaladako, eskalada-artifizialeko eta eskalada tradizional-modernoko bideak aurkituko ditugu bertan. Guztion gozamenerako leku ezinhobea. Zaindu dezagun guztion artean!

https://lakasta.blogspot.com/p/muganix-aiako-harria.html
https://lakasta.blogspot.com/p/muganix-aiako-harria.html

Harribeltza sektorearen berri lehen aldiz, Txingu Arrieta eta Gorka Obesok 2002an argitaratutako "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburuan eman zen. Bertan jasotzen ziren "Irungo mendizaleak" eta "Patxi" bideak. Ondoren eta oso gutxinaka etorri dira gainontzeko bideak. Gipuzkoako Mendi Federazioak hormaren berrekipamenduaren ardura hartua du eta Gipuzkoako Eskalada gune gainbegiratuen artean kokatua dago. Urte osoan eskalatu daiteke bertan, baina kontuan hartu hormak mendebalderantz begiratzen duela nagusiki.

Bera bidea:

Muganix-eko Harribeltza sektorean autobabesa eskatzen duen bide berri bat ireki zela jakiteak asko poztu gintuen. Kasu honetan, Lander Larrañaga eta Haitz Errok 2022an Bera bidea ireki zuten, Landerren alabaren omenez. 



Estilo erdi-ekipatu modernoan irekitako bidea da eta lekuagatik, anbienteagatik eta horma nagusiaren kalitateagatik asko gustatu zaigu. Oso gomendagarria, batez ere, bigarren luzeak dituen pausu eta haitzaren kalitateagatik. Etxetik gertu, Km0 eskalada tradizionala praktikatzeko bide zoragarria. Inguruan dauden beste bide batzuekin konbinatu daiteke gainera, mendiko egun ederra igaroz. 

Horma honetaz gozatzen jarraitzeko arrazoiak hedatuz doaz eta horrela segi dezala. Mila esker bideak ireki eta ekipatzen dabiltzan horie!!


Bideari buruzko datuak:

Hiru luzetan eskalatzen den bidea da. Lehen luzean horma ez da horren konpaktoa eta heldulekuak nahiz eta onak diren tentuz mugitu beharko gara. Azken paraboltetik eskubiruntz egin behar da sapai baten azpitik lehen bileraraino eta bertan belar zerbait topatuko dugu.

Bigarren luzea itzela da, bikaina. Estutzea eskatzen du eta tarteka autobabesa ere eskatuko digu. Gozatzeko bidea da. Luzearen amaieran marmolezko pasarte eder baten sorpresa topatuko dugu!

Azken luzea, misteriorik ez duen irteerarako luze motz bat da.

Orokorrean bide txiki baina ederra. Inguruko beste bideekin konbinatu daiteke.


Erabilitako Materiala: Totem jokoa, fisurero txiki-ertain batzuk eta zinta luzeak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Hurbilketarako informazioa ondorengo helbidean jasota dago jasota: https://eu.wikiloc.com/ibilbide-escalada/bera-6b-muganix-haiako-harria-132729072

Bidea eskalatu ondoren, Muganix puntatik ohiko bidetik jeitsiko gara oinez parkinera.

miércoles, 16 de octubre de 2024

Alluitz: Arista Integral (XXI. Mendeko Bertsioa)

Alluitz menditzarra da zalantzarik gabe. Horma, espoloi eta arista izugarriak dituena alderik alde, ederra benetan. Izaera alpinoa du eta kutsu horretakoak dira mendi honetan eskalatu ditzakegun bideak.

Erakargarritasun handia duen mendia da zalantzarik gabe eta belaunaldi desberdinetako eskalatzaileek jarri izan dute haien begirada horma hauetan. Lehen eskalatzaileen balentriez gain, bide hainbat ireki ziren 70 eta 80. hamarkadetan Alluitzeko mendebalde, hego-mendebalde, zein ipar-mendebaldeko horma eta espoloi desberdinetan. Bide horien informazioa José Zuazuaren "Atxarte: Escuela de Escalada" 1989ko gidan jasoa dago. Bide hauetatik guztietatik oso gutxi errepikatu izan dira ohikotasunez eta bide gehienak "bide ahaztuak" direla esan daiteke. Bide hauetariko gehienen inguruko informazioa eta egoera oso urria da.

XXI. mendean iada barneratuta zenbait eskalatzailek "bide ahaztu" hauek berreskuratu, berrasmatzeko eta egungo estandareetara egokitzeko lana hartua dute duela zenbait urtetatik. Horixe da, Arista Integral bidearekin egin dena alegia. José Zuazaren gidan jasota dagoen bezala "Arista Integral" bidea 1975ean ireki zen A. Castells, E. Fonquernie eta J. Alonsoren eskutik. 400m-tako bide modura jasoa dago AD zailtasunarekin. XXI. mendeko bertsioa aldiz, %50 edo %60 batean berria dela esan daiteke, batez ere, hasiera eta azken luzeetako horman ireki diren luzeak berriak lirateteke eta.

Egun, beraz, bide klasiko modernizatu bat litzateke "Arista Integral (XXI. Mendeko Bertsioa)". Bide honek aukera bikaina ematen digu Euskal Herriko eskaladaren historiarekin kontaktua izateko eta Alluitzeko hormaren izaeraz gozatu ahal izateko. Mota honetako berreskuratze lanak bikainak dira bideak ahaztuak geratu ez daitezen eta informazio osatuarekin eskalatzeko aukera egon dadin. Egun, nahiz eta Alluitzen eskalatzeko denbora tartea urria izan (Eskalada baimendua dago irailaren 1etik Abenduaren 31ra), ohikotasunez errepikatzen ari den bidea da.

Mila esker bide hau prestatzen hartutako lanagatik Antxon eta Iñakiri!


Bideari buruzko datuak:

Eskalada bertikala eta trepadak partekatzen dituen bidea da. Bideak beraz, horma tente desberdinak zeharkatzen ditu eta horma horiek trepada eta arista zatien bitartez lotzen ditu. 

Zalantzarik gabe gakoa den luzea, seigarrena da, 6b graduko zailtasunarekin fin eskalatu beharra dago. Hala ere, beste luze bertikaletan ere eskalatu beharra dago eta batez ere 14. luzea ez da gutxietsi behar. Azken luzean ere kontuz ibili arrokaren kalitatea bidean orokorrean aurkituko duguna baina kaxkarragoa baita.

8. bileratik, 12.era ensanblean eskalatzeko aukera ematen duen terrenoa aurkitu dugu.

Erabilitako Materiala: Friend eta mikrofriend sorta, 3 zenbakirarte (totem ertain batzuk errepikatu genituen badaezpda) eta arroka zubietarako zintak. Fisureroak eraman genituen baina ez genituen erabili.


Hurbilketa eta jeitsiera: Atxartetik Astxikiko espoloietarako bidea hartu eta bidean mantendu (espoloietara joan gabe) ataka bat gainditu eta zelai batzuetara iritsi, parez-pare Alluitzeko hormekin topo egin arte. Eskalatu beharreko espoloia identifikatu eta bertara hurbilketa egin korredore txiki eta motz bat gaindituz.

Jeitsiera oinez burutzen da Alluitzeko gailurrera doan ohiko bidea artuz Artolako lepora lehenik eta parkinera bueltan ondoren. 

lunes, 15 de abril de 2024

Biazpe: Taima

Biazpeko hormetan bide klasiko zein modernoak aurkitu ditzagu, estilo eta izakera oso desberdinekoak. Eskalada gune modura eskalatzaile guztientzat daude aukerak, inguru hauetako eskalatzaileen eskutik bide berriak edo berreskuratuak sortzen jarraitzen direlako. 

Azken urteetan ireki diren bideen artean Biaizpen eskalatu dugun azkena legoke. Taima bidea, Alberto Urtasun eta Dani Ayerrak ireki zuten 2020an (uste dut). Auto-babestu beharreko pasarteak dituen bide modernoa litzateke, bere alboan dagoen "Neguko Bidea"ren antzeko estiloan irekia.

Biaizpeko hormetara behin eta berriz joateko arrazoiak ez zaizkigu falta eta zein gustora bueltatzen garen beti. Mila esker inguru honetan bide berriak proposatzen jarraitzen dutenei!


https://nive.es/D/product/dos-hermanas-taima-140m-6b/
https://nive.es/D/product/dos-hermanas-taima-140m-6b/

Bideari buruzko datuak:

Bost luzetan eskalatzen den bidea da. Luzeak krokisean adierazitakoak baina zertxobait motzagoak iruditu zitzaizkigun.

Zailtasun aldetik progresiboa den bidea da. Azken bi luzeetan zailtasunik handienak puntualak dira eta material finkoarekin babestuak daude. Gainerakoan oso ondo babesten den bidea da eta Totem Jokoarekin eta arroka-zubietarako zintak nahikoak lirateke auto-babeserako.

Arroka-zubi zenbaitetan kordinoak aurkituko ditugu. Hauek nahiko zaharkituak daude eta aldatzea komenigarria litzateke.

Arrokaren kalitatea oso ona da. Batez ere, neguan eskalatzeko bidea da, landare eta belar gutxiago topatuko dugu eta bideaz gehiago gozatzeko aukera izango dugu.

Orokorrean bide txiki baina polita. Egun erdiko eskalada batetarako aproposa!

Erabilitako Materiala: Totem jokoa eta arroka zubietarako zintak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Hurbilketa Etxeberriko hilerretik egin genuen Aixitako hego hormako bideak eskalatzeko bidexka harturik. Ahizpa handira igotzeko bide normaletik eskubira egin behar dira beste 30-40 metro inguru bidearen hasiera bilatzeko, zuhaitzen artean plaka argi batzuen bila. Bidearen hasiera "T" hizkia eta kordino bat topatu beharko ditugu.

Jeisteko bidea rapelatu daiteke baina guk azken bilgunetik gora eta ezkerrera jo genuen Ahizpa handitik jeisteko ohiko bidera iritsi arte. Bertatik jeistea gomendagarria da, sokak trabatzeko aukera gutxituz.


miércoles, 31 de enero de 2024

Amitzi (Txindoki/Larrunarri): Arima Beltza

Txindoki/Larrunarri alboan izateak bigarren plano batean utzi izan du Amitzi edo Aiznabarreko horma. Horma honek ez du Txindokiren erakargarritasun berbera eta bertan eskalada bide interesgarriak agertu daitezkeela irudikatzea ere konplexuagoa suertatzen da hormaren morfologia beragatik.

Gutxinaka bada ere, Amitzi hormaren sekretuak arakatuz doaz eta azken urteetan trad eskaladarako tenplu txiki bat bilakatu da. Autobabesean eskalatzeko bide interesgarriak ireki dira eta abenturarako eremu emankorra da orain. Mikel Saez de Urabain, Aritz Azkue edo Xabier Artolaren ekarpena benetan eskertzekoa da. Amitzi hormaren inguruko informazioa ondorengo estekan aurkituko duzue:

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

Gure kasuan, Amitzi hormako Arima Beltza bidea errepikatzeko aukera izan genuen eta gozatu ederra hartu genuen. Bide gomendagarria da trad eskalada gustoko dutenentzat. Bideak ez du inongo ekipamendurik baina ondo jarraitzen da. Hiru luze motzetan abentura eskaintzen duen bidea da, arroka onarekin eta pasarte ederrekin. Hirugarren luzean estutu beharra dago eta autobabesarekin ausart jokatu behar da sapai aurreko plakan zein sapaian bertan. Mila esker bideagatik!


Bideari buruzko datuak:

Hiru luzetan eskalatzen den bidea da, oso markatua edo nabarmena ez den espoloi moduko batetatik lehen bi luzeetan eta sapaia baterantz hirugarrenean. Bidearen hasiera hormara itsatsia dagoen bloke berezi baten markatzen du eta hasieran eskuinaldera eta ondoren zuzen egin behar da. Bilera muntatzeko errepisa belartsu batzuetara iritsi arte, espoloiaren oinarrian.

Bigarren luzea ederra da eta oso ondo babesten da autobabeserako materialarekin. Totem sortako tarteko zenbakiak errepikatuz gero jarriko ditugu. Arrakala politak eskalatzen dira arroka honekoak. Bilera sapaiaren azpian dagoen plakaren oinarrian egin genuen. 

Hirugarren luzea da zailena eta ikusgarriena. Sapaiaren azpiko plakan pausu zail bat aurkitu genuen (agian zertxobait eskuinera egin genuelako). Sapaia gainditzeko trabesia labur bat egin behar da ezkerrera eta hemen ere pausu zail bat gainditu beharko da. Ondoren irteera ederra da baina amaiera arte estutu behar da. 

Orokorrean bide txiki baina ederra. Gomendagarria!

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem Jokoa x2, Camalot 3 zbk (Camalot 4 zenbakia eraman ezkero jarriko duzue). Arroka zubietarako zintak.


Hurbilketa eta jeitsiera: Txindokiko mendebaldeko aristarako bidea hartu behar da hormara hurbiltzeko. Hormaren atzeko aldetik arazorik gabe aterako gara oinez.

https://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/txindoki.html

jueves, 13 de octubre de 2022

Anboto (Eurrekazko horma): Mari Urrika

Anboto mendiaren ekialdeko aurpegia Euskal Herriko paraje ikusgarrienetakoa da, gure lurraldeko mito eta kondaira hainbaten sorlekua. Bertan eskalatzen egon ahal izatea opari bat bezalakoa da. Urtean zehar epealdi labur batean bakarrik eskalatu daiteke (irailaren 15etik abenduaren 31era) eta hormak lehortzeko denbora behar du. Hori dela eta, ez dira egun asko izaten urtean bide hau eskalatzeko baldintza egokiak eskaintzen dituztenak. Denbora luzez bide honen atzetik ibili ondoren aurten izan dugu eskalatzeko aukera eta gozatu ederra hartu genuen!

Kalitate handiko bidea iruditu zaigu Mari Urrika, pasarte ederrak ditu plaka, kanalizo eta fisura politak zeharkatuz. Ekipamendu finko gutxi aurkituko dugu eta autobabeserako material sorta egoki bat eramatea beharrezkoa da. Oso gomendagarria, beti ere, estilo nahiko "alpinoa" duela kontuan hartuta.


Bideari buruzko datuak:

Bideak bi zati ezberdin ditu eta tartean oinez egin beharreko 40 metroko pasarte bat dago lepo batean. Lepotik oinez jeistea posible ikusten da beharrezkoa balitz eskubirantz eginda.

Hormaren lehen zatian hiru luze eskalatu behar dira. Lehen luzean (III+/IV) plaka eta kanalizo oso politak eskalatzen dira. Bigarrenean (V), plaka nahiko etzan baten ondoren fin eskalatu beharreko fisura bat hartu behar da ezkerrerantz. Fisura amaitzean plaka pausu batekin bileraren bila joango gara dezente ezkerrera eginda. Hirugarren luzean (V+/6a), plaka polit bat zuzen eskalatu eta ondoren ezkerrerantz egiten duen kanal erraz bat hartu behar da lepora irten arte.

Bigarren zatian, pasarte bertikalagoak eta anbiente handikoak eskalatzen dira. Laugarren luzean (V/V+) diedro belartsu batetarantz jo beharra dago eta bertan plakatik batzuetan eta diedrotik besteetan babesteko eta pausuak erosotasunez egiteko aukerak bilatu behar dira. Luzearen amaieran azken pausu bat egin behar da plakan bilerara iritsi arte. Bostagarren luzea (6a) mundiala da, benetan itzela, baina zertxobait gogorra psikologikoki, paraboltetatik gora eskalatu beharra dago, kanalizoetan jartzen diren frienak erabateko lasaitasuna ematen ez dutelarik. Azken luzea (III) erraza baina polita da, belarrezko errepisa batzuetarino. Bertatik dugun ikusmirak amaiera ederra eskaintzen digu.


Erabilitako Materiala: kordino hainbat arroka zubietarako, Totem jokoa (berdea, morea eta horia x2)Camalot 3 zbk. (x2), Camalot 4 zbk. Fisureroak eraman genituen baina ez genituen erabili.

Jeitsiera: Gure aukera ipar-ekialdeko aristatik jeistea izan zen (II. graduko pausuren bat edo beste destrepatu behar da). Beste aukera bat Anbotoko gailurrera igotzea litzateke ohiko bidetik jeisteko.

Oharrak: Krokisean markatuta dauden arroka zubietan kordino zaharrak aurkituko ditugu. Kordinoak bidea markatzeko oso ondo datoz baina ez daude egoera onean eta ez dute segurtasun nahikorik eskaintzen. Norberak eramandako kordinoak ipintzea litzateke egokiena kordino zaharrak dauden lekuetan edo hauek aldatzeko materiala eramatea
 
Nola iritsi: Gure kasuan Arrazolatik egin genuen gerturaketa Artaungo Sakonara doan bidea hartuta.


Hurbilketaren inguruko azalpena eta bideari buruzko informazio praktiko guztia ondorengo estekan aurkituko duzue: 
http://www.untzillaitz-sur.com/2015/09/19/anboto-1331-m-via-mari-urrika-290-m-6a/

jueves, 13 de enero de 2022

Kopako Harria: Jano orratza

Kopako Harria eskaladarako oasi bat bezalakoa da, ederra eta lasaigarria. Kasu honetan, sektore ezagunetatik kanpo geratzen diren bi bide labur baina interesgarriren berri eman nahi dizuegu.

Aurkezten ditugun bideen kokapena "ekialdeko orratzetan" litzateke. Orratz hauek Eguzkilore sektorearen ekialdera (parkinetik begiratuta eskubira) kokatuko lirateke. Multzo honetan daude zertxobait sakabanatuta "ttiki espoloia" (http://euskalherriatrad.blogspot.com/2013/05/kopakarri-ttiki-espoloia.html) eta post honetan aurkezten dugun "Jano orratza". 


Jano orratzaren baitan bi arrakala aurkitugu ditugu. Bata, hego-ekialde aurpegian dago kokatua eta bestea ipar aurpegian. Autobabeserako bi luze eskalatzeko aukera ematen da orratz honetan, bata alde batetik eta bestea bestetik, orratzak bi solairu moduko itxura hartzen du eta. Hala ere, solairu edo aurpegi bakarra eskalatzeko aukera dago, ipar aurpegira oinez iritsi gaitezkeelako Eguzkilore sektoretik gora, ttiki espologia dagoen txokora joanda.

Jano orratza bezala izendatu dugu, gauza gehienek bi alde edo aurpegi izaten dituztelako, aintzinako mitologietan edo pentsamoldeetan jasota utzi zen bezala.



Bideek arrakala adierazgarriak jarraitzen dituzte eta gradu apala duten arren eskalatu beharra dago. Hego-ekialdeko arrakalak babaresa estiloa erabiltzea eskatuko digu eta ipar-aurpegiko bideak aldiz goikaldeko irteeran tentuz ibiltzea eta estutzea eskatzen du.

Espero dugu bideak gustukoak izatea eta inguruneak merezi duen zaintza eta mimoa mantentzea.