Mostrando entradas con la etiqueta Kopakarri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Kopakarri. Mostrar todas las entradas

jueves, 13 de enero de 2022

Kopako Harria: Jano orratza

Kopako Harria eskaladarako oasi bat bezalakoa da, ederra eta lasaigarria. Kasu honetan, sektore ezagunetatik kanpo geratzen diren bi bide labur baina interesgarriren berri eman nahi dizuegu.

Aurkezten ditugun bideen kokapena "ekialdeko orratzetan" litzateke. Orratz hauek Eguzkilore sektorearen ekialdera (parkinetik begiratuta eskubira) kokatuko lirateke. Multzo honetan daude zertxobait sakabanatuta "ttiki espoloia" (http://euskalherriatrad.blogspot.com/2013/05/kopakarri-ttiki-espoloia.html) eta post honetan aurkezten dugun "Jano orratza". 


Jano orratzaren baitan bi arrakala aurkitugu ditugu. Bata, hego-ekialde aurpegian dago kokatua eta bestea ipar aurpegian. Autobabeserako bi luze eskalatzeko aukera ematen da orratz honetan, bata alde batetik eta bestea bestetik, orratzak bi solairu moduko itxura hartzen du eta. Hala ere, solairu edo aurpegi bakarra eskalatzeko aukera dago, ipar aurpegira oinez iritsi gaitezkeelako Eguzkilore sektoretik gora, ttiki espologia dagoen txokora joanda.

Jano orratza bezala izendatu dugu, gauza gehienek bi alde edo aurpegi izaten dituztelako, aintzinako mitologietan edo pentsamoldeetan jasota utzi zen bezala.



Bideek arrakala adierazgarriak jarraitzen dituzte eta gradu apala duten arren eskalatu beharra dago. Hego-ekialdeko arrakalak babaresa estiloa erabiltzea eskatuko digu eta ipar-aurpegiko bideak aldiz goikaldeko irteeran tentuz ibiltzea eta estutzea eskatzen du.

Espero dugu bideak gustukoak izatea eta inguruneak merezi duen zaintza eta mimoa mantentzea.

jueves, 30 de mayo de 2013

Kopakarri: Argi ta Garbi


Azkenaldian eguraldi kaxkarra ezin gainetik gauden honetan Kopakarriri hainbat bisita egin dizkiogu, leku honetako granitoa beste haitz mota batzuk baina azkarrago lehortzen baita. Gezurra badirudi ere bisitaldi bakoitzean gauzatxo berriak joan gara deskubritzen. Kopakarri sorpresaz betea dago eta benetan zoragarria da gertu geratzen zaigun eskola batetan halako sentsazioak izatea.

Egindako azken bisitaldian duela zenbait astetatik begiz jota genuen fisura berri bat eskalatzeko aukera izan genuen: 


Argi ta Garbi fisura (15 mt, V)

Materiala: Totem Cam jokoa, C4 (2. zenbakia), fisurero txiki baten bat eta hiltze plano bat ondo etorri daiteke.

Informazioa: fisura hau eskalatzeko bi aukera ditugu. Eskubialdetik hasita errazagoa da baina lehen metroetan babestu ahal izateko hiltze plano bat beharrezkoa da. Behin fisurara heltzean babes-leku onak aurki daitezke bilgunera iritsi arte. Gure kasuan eskubiko sarreratik hasita eskalatu genuen eta V. graduko bide txukun bat geratzen da. Bigarren aukera fisurara zuzen sartzea litzateke baina lehen 3 metroak desplomatuak dira eta  babes leku bakarra nahiko goian geratzen denez lurrera erortzeko arriskua dago. Crash pad bat lagungarri izan daiteke lehen segurua sartu arte lasaiago ibiltzeko. Zailtasuna zertxobait handituko litzateke horrela eskalatuta. Sarrera zuzena soka goitik jarrita eskalatu genuen eta oso polita geratzen da baita. Bidearen garbiketa oinarrizkoena burutu genuen harri solte zenbait kenduta baina ala ere lehen metroetan presak maitasunez tratatu behar dira. Bidearen erdialdetik aurrera oso harkaitz ona topatuko dugu. Bilgunea egiteko harkaitz tontor bat inguratu daiteke fisuraren amaieran.


Kokapena:

Bordillos sektoreen aurrekoaldean eta Eguzki Lore sektorerako bidean aurkitzen dugun haitzean kokatua dago. Fisura begibistakoa da.

Mapa: http:www.gipuzkoaneskalatzen.blogspot.com






lunes, 27 de mayo de 2013

Kopakarri: Ttiki espoloia

Eskalada tradizionalerako hainbat aukera eskaintzen dizkigu Kopakarrik. Izan ere, granitozko Euskal Herriko eskalada gune onena da dudarik gabe eta nahiz eta ekipatutako plaketatik doazen bideak nabarmentzen diren, fisura, babaresa, tximinia eta diedroak eskalatzeko aukera interesgarriak aurki ditzakegu. Kopakarri aspaldiko eskalada gunea bada ere eta hainbat bide klasiko aurki baditzakegu ere (horietako zenbait egun ber-ekipatuak), badu izaera basati puntu bat eta oraindik altxor txiki asko eskaintzeko. Izan dadila horrela urte askotarako!!!

Azkenengo denboraldietan hainbat bideren zaharberritzea burutu da, hainbat bide berri ekipatu dira, abenturazko bide luze zenbait ireki dira eta luze bakarreko bide tradizional zenbaiten proposamenak agertzen joan dira. Pixkanaka hauen berri ematen joango gara blog honetan. Kopakarri eskolari buruzko informazio zabala ondorengo estekan aurkitu ahal izango duzue: Gipuzkoan Eskalatzen. 

Kasu honetan, eskalada tradizionalerako proposamen bati buruz hitzegingo dugu.

Ttiki Espoloia (18mt, V+)

Materiala: Totem Cam jokoa, C4 (2. zenbakia), fisurero ertain eta txiki baten bat.

Informazioa: espoloiaren punturik baxuenean hasten da bidea. Lehen 4 metrotan arroka maitasunez tratatu behar da, baina trabesiara iristerako oso arkaitz ona topatuko dugu. Espoloiaren erdigunean dagoen fisura eskalatzeko polita da. Bilgunea bloke haundi bat inguratuta egin daiteke.

Kokapena:

Eguzki lore sektorearen eskubitara gelditzen den kanala hartu eta tontorraren azpian espoloia parez-pare aurkituko dugu.

Mapa: http://www.gipuzkoaneskalatzen.blogspot.com


Oharra:  Espoloiaren eskubiko aurpegian bilgune bat ikusi genuen baina ez dugu informaziorik. Eskertuko genuke edozein datu. Mila esker!!