viernes, 29 de marzo de 2019

Txindoki/Larrunarri: "Eon hai lo... ta jangoek mehe"

Aspalditik begiz jota genuen Huerta bidearen ezkerretara dagoen fisura-diedro bat, urrunetik eta argazkietan nabarmen ikusten dena. Arraroa egiten zitzaigun bertatik biderik ez egotea, behetik goraino logika haundia duen ibilbidea dagoelako.

Hormaren zati hau esploratzera joateko aukera bilatu genuen, ohiko moduan ia zer aurkitzen gindoazen. Krokisean marraztutako bidea jarraitu genuen, autobabeserako materiala erabiliz eta eskalada garbia eta segurua ia posible ote zen ikusteko asmoz.

Bideak hiru zati nabarmen dauzka: lehenengoan plaka etzanak eta oso politak eskalatzen dira bi luzetan (urdaiazpikoa deitu genion zati honi). Bigarren zatian kanal belartsu eta nahiko zikina eskalatu behar da eta beste bi luzetan eskalatu genuen. Zati hau eskalatzeko udaberri edo udarako belarra hazi baino lehen joatea komenigarria dela bagenekien eta asmatu genuen. Pasarte nahiko basatia da hau, belar dexente dago eta udaran edo udaberrian nahiko taponatua egotera iritsi daitekeela esango genuke. 

Hirugarren zatia fisura-diedroa litzateke eta luze bakar batean eskalatzen da. Oso polita da baina gogorra 6b inguru esango genuke, guk 6a-A1 modura eskalatu genuen.





Kanal belartsuan eta baita fisura-diedroan arrokarekin kontuago ibili behar da. Krokisean adierazten den moduan, bi puntutan arroka kaxkarra eta pasarte zikinak ekidite aldera eskubiko paretera pasa beharra dago, bide garbiena bilatuaz.

Iltze zahar batzuk ikusi genituen bi puntutan baina bidearen zertxobait eskubira geratzen dira. Bigarren iltzeak bilera zahar bat dira errepisa haundi batean gure bileratik eskubira. Huerta bidearen arrasto zaharrak izan daitezkeela uste dugu baina ez gaude erabat ziur. Bidea ondo babesten da denbora guztian zehar eta adierazitako materialarekin nahikoa litzateke. Guk iltzeak eraman genituen baina ez lirateke beharrezkoak. Adierazitako puntuez gain bilerak egiteko aukera desberdinak egon daitezke. Ez genuen bidean ezer utzi, erabat garbi dago. 

Ia norbait animatzen den bidea errepikatzera. Abenturako bide interesgarria da belar asko ez dagoen garaietan. Huerta bidetik ere sartzea posible litzateke R4a kokatua dagoen errepisa haundi eta ederraren alturan trabesia bat eginda. Aldi berean gure R2tik Huerta bidera pasatzeko aukera dago, kanal belartsua ekidinez. Animatu!

Azken luzea lurretik ikusia



No hay comentarios:

Publicar un comentario