miércoles, 14 de noviembre de 2018

Andasto (Erlango Atxak): Astopista Dohainik

Udazken honetan Andastoko hormetan ireki den azken bidea eskalatzeko aukera izan dugu, Euskal Herriko txoko eder honetara bueltatzeko aitzakia hartuta. Bidea oso luzea ez bada ere gustora geratu ginen egindako eskaladarekin, batez ere irteera zuzena hautatuta azken luzeak utzitako zapore gozoa dela eta. Presarik gabe gozatzeko bidea dela esango genuke, inguruneaz gozatzeko aukera ematen duen horietakoa. Gomendagarria!


Bideari buruzko datuak:

1. Luzea: Bidearen hasiera oso argi ikusten da, horma bitan desberdintzen duen arrakala handia erreferentzia bezala hartuta, segituan ikusiko dugu arroka zubi batean jarritako kordinoa. Hasieran zuzen eskalatu, arrakalak eskubiruntz eramaten zaituen arte. Trabesia eginez eskubiruntz joan desplome baten bila. Kontuz arrokarekin tarte honetan, guri kantu bat hautsi eta erorketa bat izateko zorian izan ginen. Arrakala bat duen desplomea igarotzean dago pausurik zailena. Krokisean V+ jartzen badu ere adi, gehiago ere izan daiteke.

2. Luzea: Arrakala nagusia hartu beharrean ezkerreko plaka eskalatzen joan beharko da. Luzeak belar dezente badu ere, nahiko eroso eskalatzen da. Kontuz hala ere, bigarren bilgunerako sarrerarekin. Belarrezko tarte luzetxo bat eskalatu beharra dago eta bustia egon ezkero irristakorra egon daiteke.

3. Luzea: Irteera zuzena hautatu genuen eta denetan luzerik ederrena iruditu zitzaigun. Arrakala bertikala eta oso polita eskalatu behar da. Oso ondo babesten da eta egin beharreko pausua ez da oso zaila. Oso zapore ona utzi zigun luze honek.

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem jokoa, Camalot 3a eta Basic Cam semaforo. 



Oharrak (Eskalada Arautua): Kontuan izan eremu honetan eskalada arautua dagoela, Urkiolako Parke Naturalaren baitan kokatutako horma izanik. Eskalada debekatua dago Urtarrilaren 1etik, abuztuaren 31ra. Informazio guztia ondorengo estekan duzue eskuragarri: http://www.bizkaia.eus/home2/Temas/DetalleTema.asp?Tem_Codigo=6386

Bideari buruzko informazioa eta erreportaiak


No hay comentarios:

Publicar un comentario