lunes, 30 de noviembre de 2020

Aballarri Trad Eskola

Eskalatzaileok horma handiekin eta bidaiekin amestu oi dugu. Egun, aldiz, askorentzat behintzat gertu eta txiki diren hormak dira gure arnasgune. Tokian-tokiko mendi eta eskalada guneak balio handikoak bilakatu zaizkigu. 

Beste garai batzuetan ere eskalatzaileek ahalik eta etekin handiena ateratzen zieten ingurune hurbilean zituzten horma guztiei, txiki zein handi, erraz zein gogor, batetik bestera ibiltzeko baliabideak eskasak zirelako, baina beti ere horma handiekin amesteari utzi gabe.

Km-0 eskaladak baditu bere plazerrak. Iraganeko eskalatzailek jomuga izan zituzten hormak berriro bisitatu, paseoa eta eskalada partekatu eta txikitasunari begira jarri. Aballarri mendixkak horixe bera eskaintzen digu eta horrela izan dadila betirako. Eskalada tradizionala praktikatzeko gune xume baina eder bat gure ametsak elikatzeko eta eskaladaren bitartez naturarekin bat egiteko.

Aballarriko haitzak eskalatzaileen bisitak jaso izan dituzte garai ezberdinetan eta bisitarien arrastoak aurkitu daitezke, baita bide moderno eta ekipatu bat Arista SW bezala izendatua. Ertza bere osotasunen burutu duten mendizale asko ere badira. Gure kasuan, ibilbide zaharrak gaurkotzeko asmoarekin hurbildu gara bertara eta batez ere Branka sektorean lan zertxobait egin dugu: iltze zahar zenbait kendu, berriren bat jarri eta bideak txukuntzen. Ia denon artean lekua mantentzen dugun.

Datu praktikoak 

  • Eskalada garbia praktikatzeko bide labur baina oso politak. 
  • Haitza hareharri gorria da nagusiki, konglomeratuarekin nahastua zenbait zatitan. Berezia, kalitate onekoa eta autobabeserako zulo eta arrakala asko eskaintzen dituena. 
  • Bideak hegoaldera begira daude eta eguzkiak egun osoan zehar jotzen du bertan. 
  • Garbiketa zerbait egin da baina ez asko. Zepilloa eramatea gomendatzen da. 
  • Bide gehiago garbitu eta prestatzeko aukera dago oraindik.
  • Hurbilketa Besabitik (Urnieta) 40 minutu inguru.
Ez dugu Aballarriko bide zahar hauen inguruan informaziorik lortu (bideak noiz eta nork irekiak izan ziren adibidez). Eskertuko genuke daturik badago horien berri izatea. Milesker!

INGURUA ZAINDU ETA BABESTU. KOTXEA TRABA EGITEN EZ DUEN TOKIAN UTZI

Hurbilketarako mapa

http://donostialdeaneskalatzen.blogspot.com/p/adarraitz.html

Eskaladarako beste aukerak ingurunean

Aballarritik gertu geratzen da Adarraitz eskalada eskola txikia, Adarra mendiaren puntatik gertu geratzen dena hain zuzen. Eskola honi buruzko informazio ondorengo estekan aurkituko duzue: http://donostialdeaneskalatzen.blogspot.com/p/adarraitz.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario