martes, 11 de febrero de 2020

Ahaztutako Bideak: Egino -Triangelua- Vía Sur

Eginoko bide askoren ohiko jeitsiera hastearekin batera begirada behin eta berriro jartzen genuen pareta honetan eta bere arraila guztiz ebidentean. Aurreko belaunaldietako eskalatzaileen atentzioa noski ere deitua zuen horma honek. Vicente Perales-ek osatutako "Eguino: Paseos en la Vertical" gidaliburuan jasoa dago horma honetan dagoen bide bakarraren inguruko informazioa. 1981. urtean Atxo Apellaniz eta Juanito Oiarzabal eskalatzaile historikoek burutu zuten lehen igoera, "Vía Sur" bezala izendatua ageri da eta Dificil (IV) graduazioa ematen zaio aipatutako liburuan.



Aldiz, Eginoko bide desberdinak jasotzen dituzten gidaliburu modernoago zein interneteko informazioan ez da horma honen inguruko daturik ageri. Badirudi, beraz, azken urteetan ezer gutxi eskalatu den bidea dela eta ahaztuta geratu diren bideen artean dagoela.

Eginora egindako azken bisita aprobetxatuz bidea errepikatzeko plana egin genuen eta horma honek bere txikitasunean duen haunditasuna erakutsi zigun. Bideak bazituen hainbat gauza erakargarri guretzat: bi eskalatzaile ezagunen bide ezezaguna izatea, anbiente handiko kokapena, hormaren estetika bera, garai zaharretako IV gradua eta eskalada garbia. Osagai guzti hauek abentura txiki baten aurrean egon gintezkeela abisatzen gintuzten eta horrela izan zen.



Bideari buruzko datuak:

Deskribapena: Ibilbidea erabat nabarmena da. Hasiera eskuin ezker egin beharra dago, pasarte zertxobait belartsuan arrail nagusian barneratzeko. Arraila bitan banatzen den momentuan eskubirantz egin. Pausu horizontal bat egin behar da eskubiruntz desplome txibi batetatik atereaz eta sabina nabarmen batetara iristeko. Sabinara iritsi aurretik iltze bat jartzea gomendagarria izan daiteke. Sabina heltzea ia ezinbestekoa da baina kontuz ez baita guztiz trinkoa. Sabinatik eskubiruntz jarraitu pausu zailena burutuz repisa estu batetara iristeko, arraila zuzen goruntz hasten den lekuan. Bertatik gora bidea ondo babesten da eta arkaitza trinkoa da goikaldeko aristan kokatua dagoen arteara iritsi arte. Kontuz puntu honetan arrokarekin (nahiz eta guk asko garbitu genuen puntu hau). Gailurrera igo arista jarraituz.

Luzera: 40m.

Zailtasuna/Graduazioa: Gaur egungo estandareetan V+ litzateke gutxienez.

Lehen igoera: Atxo Apellaniz eta Juanito Oiarzabal, 1981

Erabilitako Materiala: Totem jokoa (gorria, horia eta morea errepikatu), Basic gorria eta horia eta fisurero ertain eta txikiak. Iltzeak ez genituen eraman baina gomendagarria litzateke hiru iltze universal eramatea pasarte baten exposizio maila jeisteko eta batez ere gailurrean bilera egiteko.

Jeitsiera: Gailurretik ekialderantz dagoen bretxa edo leporantz kontu handiz jeitsi, harri solteak daude eta. Iltzeak eraman ezkero rapel txiki bat montatzea gomendagarria izan daiteke.

Oharrak: Udaberrian eta udaran bidea belartsua izatera iritsi daiteke batez ere hasierako metroetan. Ahal ezkero, hobe da neguan edo udazkenean eskalatzea. Gutxi eskalatu den bidea da eta beraz kontuz arrokarekin, batez ere goikaldean.

Nola iritsi

Triangelua deritzon horma Aztore Handiaren atzean kokatua dago eta beraz bere kokapena oso garaia da. Egino herritik ikusita, horma garaienen artean ikusiko dugu. Oinez zuzenean bertaratzeko aukera dago, Usoaren eta Aztore Handiaren ezkerretara dagoen bidexka eta kanala erabiliz. Hala ere, egokiena beste bide batzuk eskalatuz bertaratzea da. Gure kasuan, "Matices" bidea eskalatu ondoren gerturatu ginen Triangelura, 10 bat minutu oinez eginda, baina Aztore Handia bera edo Larreñigiko Haitzetako edozein bide eskalatu ondoren erraz iritsiko gara horma honetara.

http://www.foropicos.net/viewtopic.php?t=18364&start=7

Argazkiaren iturria: https://martinelorza.com/es/escalada-en-alava-egino-la-palomagran-azor-160m6oa/

1 comentario:

  1. Kaixo!
    Igandean triangelua egin genuen, zer pena zuen topoa lehenago ikusi ez izana. Izan ere, laugarren graduko luze zorrotz bat espero nuen eta apur bat flipatu nuen. Aupa Atxo eta Juanito hortik igotzen 81ean eta laugarren gradua ematen jaja.
    Agurrak!

    ResponderEliminar