Ezkutua hitzak esanahi anitzak dauzka. Batetik, erasoetatik babesteko erabiltzen den estalkia litzateke, gazteleraz "escudo" deitzen dugun hori. Bestetik, ezkutuan geratzen dena litzateke, agerikoa ez dena alegia.
Bide honekin antzerako gauza bat gertatu zaigu, izan ere, bi zentzu hauek ere bere baitan jasotzen dituela esango nuke. Lurretik eta argazkie begira nabarmena den ezkutu bat izan genuen erreferentzia eta pasarte hau bidearen puntu politenetako bat izan da gainera. Baina aldi berean, eskalatutako bidea bera eta baita espoloi osoa ere zertxobait ezkutuan ere bazirela dirudi, Txindokiko beste bide eta pareten artean atentzio askorik jaso ez duelako.
Ez genuen aurretiaz ezagutzarik biderik ba ote zuen edo ez eta hara gauzak zer diren gerora jakin dugu (Iñaki Zuzari esker), espoloiari buruzko erreferentzia bakarra Miguel Anguloren "Parajes secretos del País Vasco" liburuan jasotzen dela. Nonbait sekretu edo ezkutuko paraje modura deskribatua zegoen dagoeneko... Liburu honetan, espoloia eskalatzen duen beste bide bat badagoela adierazten da eta deskribapenaren arabera guk burututakoaren ezkerrera geldituko litzateke espoloia nahiko zuzen eskalatuta. Ia beste batean bide honen bila gerturatzen garen eta informazioa osatzen dugun.
Argazkiaren jatorria: http://christianpau.blogspot.com.es/2015/11/eskualido-karnero-y-patxirena-al.html |
Bideari buruzko datuak:
Bide erraza eta interesgarria bere lehen bi luzeetan. Pena da hirugarrenak ez duela aurrekoen kalitaterik. Arroka oso ona da lehen bi luzeetan. Hirugarrenean belarra eta arroka partekatzen dira eta kontuago eskalatu beharra dago aske dauden bloke batzuekin egin bait dezakegu topo. Autobabesean trebatzeko bide egokia da, oso ondo babesten delako. Inguruko beste bideekin konbinatzeko aproposa da.
Lehen luzea (IV, 35m): Gendarme moduko bat ezkerretara
daukagula kanalizo batzuetatik hasi, plaka bat gurutzatu eta babaresa txuri bat
eskalatu. Babaresa amaitzean zuzen aurkitzen ditugun zulo eta arrakaletarantz
jo (arroka zubia) eta ondoren trabesia labur bat ezkerretara egin lehen nitxo
batetara. Hau igaro eta bigarren nitxoan bilera egin (arroka zubia eta fisura
onak Totem laranja eta BD 3).
Bigarren luzea (IV+, 40m): Nitxotik zuzen atera aurrean dugun
plaka eskalatuz (bideko pausurik zailena eta anbientillo pixkat ematen diona.
Bilera gainean babestu). Arrrakala nabarmen bat jarraitu ezkutuaren azpian
kokatu arte. Ezkutuaren azpitik ezkerretarantz egin diedroa eta ezkutuaren
artetik pasa eta bilera ezkutuaren gainean egin errepisa on batean (2 arroka
zubi sendo eta fisura ezberdinak babesteko).
Hirugarren luzea (III, 40m): Irteerako luzea, arroka eta
belarra tartekatzen dira. Kontuz zer heltzen dugun, zenbait bloke kili-kolo
egon daitezke. Bileratik nahiko zuzen arrakala horizontal bat duen muro bat
eskalatu eta hortik aurrera etzan egiten da gailurreraino. Pena da luze honek
arroka hobea ez izatea, ez baitago besteen parean.
Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem jokoa, Camalot 3a eta 3.5a eta Basic Cam semaforoa (basic hibrido batzuk ere ondo datoz). Bidean kordino bat haitz zubi batean eta iltze bat bakarrik utzi dugu, bidea zertxobait markatzeko. Zinta eta kordinoak eraman haitz-zubietan erabiltzeko.
Jeitsiera: espoloiaren ezker aldean geratzen den kanala hartu beharko dugu "arrastraculos" izenarekin ezagutzen dena (argazkian kolore berdeko gezi batez adierazia). Jeitsiera azkar burutzen da. Minutu gutxian berriro hasierako lekuan egongo gara.
Oharrak: espoloi honek toponimorik ote duen edo ez galdezka ibili gara baina ez dugu informaziorik topatu. Norbaitek espoloiaren izenaren inguruko informaziorik balu asko eskertuko genuke. Oraingoz, tarteko espoloia modura identifikatu dugu.
Nola iritsi
Larraitzetik Txindokira doan bide arrunta arte, Oria iturria pasa ondoren Tximista bidean gora egin eta paretetara hurbiltzean ezkerrerantz egin. Abilategi espoloia lehendabizi eta plaka gorriak ondoren igaro ondoren, tarteko espoloiarekin egingo dugu topo.
Tarteko espoloiaren kokapena eta bidea bera marraztu ditugu Iñaki Zuzak eginiko krokisean |
No hay comentarios:
Publicar un comentario