domingo, 3 de enero de 2021

Lizarrusti: Espolón Munduate

Gorokarasta haitzek duten zabalera osoan zehar hainbat txoko, zirrikitu eta sorpresa aurkitu daitezke. Nabarmenenak diren arrakala, espoloi eta plakez gain horma zeharkatzen eta aztertzen ibilita eskaladarako beste aukerak ere agertzen joan dira. Espolon Munduate adibidez, Jendetza sektorearen ezkerretara geratzen da eta ez da guztien artean horma nabarmenena. Hala ere eta ikusten denez, garbiketa zerbaiten ondoren bide berri oso eder bat sortu ahal izan dute Aritz Azkue eta Mikel Saez de Urabainek. Lizarrustiko beste bideen antzera, neguko eguzkiaren berotasunean eskalada garbiaz gozatzeko aukera paregabeak emango dizkigu. Lizarrustira bueltatzeko beste arrazoi bat eta mila dira dagoeneko...


http://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/lizarrusti.html
http://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/lizarrusti.html


Bideari buruzko datuak:

Bi luze ederretan eskalatuko dugu espoloia. Lehenengoan arrakala desberdinez osatutatu plaka etzan edo bertikal oso politak eskalatuko ditugu eta Lizarrustiko arroka ederraz gozatuko dugu. Lehen bilera ingurua belartsua da eta beraz kontu zerbaitekin ibili beharra dago.

Bigarrena, anbiente handiko luzea da, zertxobait denetik dauka. Plaka etzan polit bat eta diedrotxo bat zeharkatu ondoren datorren tarterik zailenean desplome bat gainditu  gainditu beharko da. Ondo  babesten da eta kantu oso onak ditu. Asetuta uzten zaituen luze ederra da. 

Nahiz eta bideak bi luze bakarrik dituen, gustu onarekin uzten zaitu. Garbiketa lan handia egin dela nabari da eta eskertzekoa da benetan. Mila esker!!

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem Jokoa, Camalot 3 zbk.

Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta eskubiruntz doan bidearen bila. Aukera modura, Munduate espoloia eta Jendetza sektorea banatzen dituen kanaletik behera joan daiteke eta bertikal jartzen denean zuhaitz bat aprobetxatuz rapel egin. Modu horretan bidearen hasierara bueltatu gaitezke bertan zerbait utzi badugu.

OharrakGomendagarria da bide hauek errepikatzean garbiketarako material zerbait eramatea, zerratxoa eta eskularruak abididez. Modu horretan bideak txukunago mantenduko dira. 
 
Nola iritsi
Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster Gorokarastako haitzak ikusgai izango ditugu. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg

lunes, 30 de noviembre de 2020

Aballarri Trad Eskola

Eskalatzaileok horma handiekin eta bidaiekin amestu oi dugu. Egun, aldiz, askorentzat behintzat gertu eta txiki diren hormak dira gure arnasgune. Tokian-tokiko mendi eta eskalada guneak balio handikoak bilakatu zaizkigu. 

Beste garai batzuetan ere eskalatzaileek ahalik eta etekin handiena ateratzen zieten ingurune hurbilean zituzten horma guztiei, txiki zein handi, erraz zein gogor, batetik bestera ibiltzeko baliabideak eskasak zirelako, baina beti ere horma handiekin amesteari utzi gabe.

Km-0 eskaladak baditu bere plazerrak. Iraganeko eskalatzailek jomuga izan zituzten hormak berriro bisitatu, paseoa eta eskalada partekatu eta txikitasunari begira jarri. Aballarri mendixkak horixe bera eskaintzen digu eta horrela izan dadila betirako. Eskalada tradizionala praktikatzeko gune xume baina eder bat gure ametsak elikatzeko eta eskaladaren bitartez naturarekin bat egiteko.

Aballarriko haitzak eskalatzaileen bisitak jaso izan dituzte garai ezberdinetan eta bisitarien arrastoak aurkitu daitezke, baita bide moderno eta ekipatu bat Arista SW bezala izendatua. Ertza bere osotasunen burutu duten mendizale asko ere badira. Gure kasuan, ibilbide zaharrak gaurkotzeko asmoarekin hurbildu gara bertara eta batez ere Branka sektorean lan zertxobait egin dugu: iltze zahar zenbait kendu, berriren bat jarri eta bideak txukuntzen. Ia denon artean lekua mantentzen dugun.

Datu praktikoak 

  • Eskalada garbia praktikatzeko bide labur baina oso politak. 
  • Haitza hareharri gorria da nagusiki, konglomeratuarekin nahastua zenbait zatitan. Berezia, kalitate onekoa eta autobabeserako zulo eta arrakala asko eskaintzen dituena. 
  • Bideak hegoaldera begira daude eta eguzkiak egun osoan zehar jotzen du bertan. 
  • Garbiketa zerbait egin da baina ez asko. Zepilloa eramatea gomendatzen da. 
  • Bide gehiago garbitu eta prestatzeko aukera dago oraindik.
  • Hurbilketa Besabitik (Urnieta) 40 minutu inguru.
Ez dugu Aballarriko bide zahar hauen inguruan informaziorik lortu (bideak noiz eta nork irekiak izan ziren adibidez). Eskertuko genuke daturik badago horien berri izatea. Milesker!

INGURUA ZAINDU ETA BABESTU. KOTXEA TRABA EGITEN EZ DUEN TOKIAN UTZI

Hurbilketarako mapa

http://donostialdeaneskalatzen.blogspot.com/p/adarraitz.html

Eskaladarako beste aukerak ingurunean

Aballarritik gertu geratzen da Adarraitz eskalada eskola txikia, Adarra mendiaren puntatik gertu geratzen dena hain zuzen. Eskola honi buruzko informazio ondorengo estekan aurkituko duzue: http://donostialdeaneskalatzen.blogspot.com/p/adarraitz.html


martes, 11 de febrero de 2020

Ahaztutako Bideak: Egino -Triangelua- Vía Sur

Eginoko bide askoren ohiko jeitsiera hastearekin batera begirada behin eta berriro jartzen genuen pareta honetan eta bere arraila guztiz ebidentean. Aurreko belaunaldietako eskalatzaileen atentzioa noski ere deitua zuen horma honek. Vicente Perales-ek osatutako "Eguino: Paseos en la Vertical" gidaliburuan jasoa dago horma honetan dagoen bide bakarraren inguruko informazioa. 1981. urtean Atxo Apellaniz eta Juanito Oiarzabal eskalatzaile historikoek burutu zuten lehen igoera, "Vía Sur" bezala izendatua ageri da eta Dificil (IV) graduazioa ematen zaio aipatutako liburuan.



Aldiz, Eginoko bide desberdinak jasotzen dituzten gidaliburu modernoago zein interneteko informazioan ez da horma honen inguruko daturik ageri. Badirudi, beraz, azken urteetan ezer gutxi eskalatu den bidea dela eta ahaztuta geratu diren bideen artean dagoela.

Eginora egindako azken bisita aprobetxatuz bidea errepikatzeko plana egin genuen eta horma honek bere txikitasunean duen haunditasuna erakutsi zigun. Bideak bazituen hainbat gauza erakargarri guretzat: bi eskalatzaile ezagunen bide ezezaguna izatea, anbiente handiko kokapena, hormaren estetika bera, garai zaharretako IV gradua eta eskalada garbia. Osagai guzti hauek abentura txiki baten aurrean egon gintezkeela abisatzen gintuzten eta horrela izan zen.



Bideari buruzko datuak:

Deskribapena: Ibilbidea erabat nabarmena da. Hasiera eskuin ezker egin beharra dago, pasarte zertxobait belartsuan arrail nagusian barneratzeko. Arraila bitan banatzen den momentuan eskubirantz egin. Pausu horizontal bat egin behar da eskubiruntz desplome txibi batetatik atereaz eta sabina nabarmen batetara iristeko. Sabinara iritsi aurretik iltze bat jartzea gomendagarria izan daiteke. Sabina heltzea ia ezinbestekoa da baina kontuz ez baita guztiz trinkoa. Sabinatik eskubiruntz jarraitu pausu zailena burutuz repisa estu batetara iristeko, arraila zuzen goruntz hasten den lekuan. Bertatik gora bidea ondo babesten da eta arkaitza trinkoa da goikaldeko aristan kokatua dagoen arteara iritsi arte. Kontuz puntu honetan arrokarekin (nahiz eta guk asko garbitu genuen puntu hau). Gailurrera igo arista jarraituz.

Luzera: 40m.

Zailtasuna/Graduazioa: Gaur egungo estandareetan V+ litzateke gutxienez.

Lehen igoera: Atxo Apellaniz eta Juanito Oiarzabal, 1981

Erabilitako Materiala: Totem jokoa (gorria, horia eta morea errepikatu), Basic gorria eta horia eta fisurero ertain eta txikiak. Iltzeak ez genituen eraman baina gomendagarria litzateke hiru iltze universal eramatea pasarte baten exposizio maila jeisteko eta batez ere gailurrean bilera egiteko.

Jeitsiera: Gailurretik ekialderantz dagoen bretxa edo leporantz kontu handiz jeitsi, harri solteak daude eta. Iltzeak eraman ezkero rapel txiki bat montatzea gomendagarria izan daiteke.

Oharrak: Udaberrian eta udaran bidea belartsua izatera iritsi daiteke batez ere hasierako metroetan. Ahal ezkero, hobe da neguan edo udazkenean eskalatzea. Gutxi eskalatu den bidea da eta beraz kontuz arrokarekin, batez ere goikaldean.

Nola iritsi

Triangelua deritzon horma Aztore Handiaren atzean kokatua dago eta beraz bere kokapena oso garaia da. Egino herritik ikusita, horma garaienen artean ikusiko dugu. Oinez zuzenean bertaratzeko aukera dago, Usoaren eta Aztore Handiaren ezkerretara dagoen bidexka eta kanala erabiliz. Hala ere, egokiena beste bide batzuk eskalatuz bertaratzea da. Gure kasuan, "Matices" bidea eskalatu ondoren gerturatu ginen Triangelura, 10 bat minutu oinez eginda, baina Aztore Handia bera edo Larreñigiko Haitzetako edozein bide eskalatu ondoren erraz iritsiko gara horma honetara.

http://www.foropicos.net/viewtopic.php?t=18364&start=7

Argazkiaren iturria: https://martinelorza.com/es/escalada-en-alava-egino-la-palomagran-azor-160m6oa/

jueves, 12 de diciembre de 2019

Lizarrusti (Gorokarasta): Kizkilurrin

Gorokarastako horma ez da ezagutzen ditugun hormen artean ez altuena, ez ederrena edo ezta erakargarriena ere. Baina ez dituen gauzen artean, badu garai hauetan oso preziatua bilakatzen ari den zerbait: famaren gabezia alegia. 

Duela egun gutxi irakurtzen nuen eskalada munduak azken hamarkada honetan izan duen bilakaeraren balantze oso interesgarri bat (https://eveningsends.com/sex-death-and-a-decade-of-climbing-in-review/). Burutu diren eskalada miresgarri guztien gainetik, hamarkada honetan gauzatu den gertakaririk nabarmenena eskaladaren hazkunde esponentziala izan dela nabarmentzen zen idatzi horretan. Eskalada "mainstream" kirol-aisialdi jarduera bat bilakatu dela alegia.

Bilakaera honekin batera, eskalatzaileok burutzen dugun paisaia natural eta kulturalaren okupazioa gero eta handiagoa da batez ere jende asko pilatzen den guneetan, noski. Kola egin behar izatea (oso hirikoa den zerbait) dagoeneko ez da arraroa mendian, zein hormetan. Horregatik, ospetsuak ez diren hormek erakartzen gaituzte.

Noiz arte baina?? Gorokarastaren lasaitasunak eta goxotasunak ez dirudi asko iraungo duenik. Agian hemendik aurrera, Kizkilurrin bezalako bide eder bat eskalatzen gaudela beste zenbait abenturazale pasako zaizkigu gainetik tirolinaren alde batetik bestera eta kaletarren ohiuez inguruta egongo gara naiz eta natura gune batean egon. Bideak ederra izaten jarraituko du noski eta oso gomendagarria eskaladaren ikuspegitik baina ez da berdina izango. Ospearen kalteak ezagutu gabe bidea eskalatu nahi duenarentzat: orain edo inoiz ez.


lunes, 7 de octubre de 2019

Arbara-Ziordia: Pop Circus

Erdi modernoa, erdi tradizionala den bidea da Pop Circus. Arbara ekialdean, Ziordiako haitzetan ireki den bide berrienetakoa da eta garbiketa eta prestaketa asko izan dituela nabaria da. Pareta honetan dauden haitz zati garbienetatik doa eta arrakala eta plaka politak eskalatzeko aukera ematen du. Prestakuntza honek bide moderno baten aurrean gaudela adierazten digu, eskalatu dadin zabaldutakoa, alegia.



Horrez gain, autobabeserako materiala beharreazkoa da eta batez ere bigarren, hirugarren eta laugarren luzeetan luze nahiko garbiak aurkituko ditugu. Eskalada tradizionala gogoko dugunontzat asetzeko moduko luzeak ditu beraz. Pasarte gogorrenetan paraboltak aurkituko ditugu eta horrek abentura zertxobait kentzen dio, izan ere babestu beharreko pasarteak ez baitira inoiz oso gogorrak. Edozein kasutan, poztekoa da irekitzaileek ondo babesten diren pasarteetan paraboltak ez jarri izana.

miércoles, 8 de mayo de 2019

Lizarrusti (Gorokarasta): Kantuona

Gorokarasta hormako beste bide eder bat. Haitzaren kalitatea ezin-hobea da, patxadaz gozatzeko modukoa. Eskalada garbian trebatzeko bide aproposa, baina hori bai eskalatu egin behar da horma honetan pausu teknikoak aurkituko baititugu han edo hemen.

Lizarrustiko plazerrak...

http://aralarreneskaladak.blogspot.com/p/lizarrusti.html

Bideari buruzko datuak:

Bidean zehar ez dago ekipamendu finkorik, hiru haitz-zubi bakarrik aurkituko ditugu soka jarrita dutenak, baina autobabeserako aukera asko ematen dituen bidea da. 
 
Lehen luzea oso luzea da eta bi zatitan eskalatu daiteke. Guk horrela egin genuen, lehen bilera zeharkatu beharreko zuhaitz batean egin genuen, soka arrosa bat utzi genuen haitz-zubi batean kokatuta bertan bilera egin nahi duenarentzat.

Erabilitako Materiala: Fisureroak, Totem jokoa, Camalot 3a eta Basic Cam semaforoa (hibrido batzuk ere ondo datoz).

Jeitsiera: oinez burutzen da basoan sartu eta eskubiruntz doan bidearen bila edo kresta jarraituz eskubiruntz Allekupeko begiralekuraino. Edozein kasutan Lizarrustiko haitzak inguratu eta aparkalekura doan bidea hartu behar da.

Oharrak: Paretak duen belar eta sasi kopuru handia dela eta gomendagarria da bide hauek errepikatzean garbiketarako material zerbait eramatea, zerratxoa eta eskularruak abididez. Modu horretan bideak txukunago mantenduko dira.

Nola iritsi

Lizarrustiko parketxearen (http://www.lizarrusti.com/) ondoan dagoen parkinean aparkatu bezain laster gorokarastako haitzak ikusgai izango ditugu. Bertatik, Lareoko urtegira doan bidea hartu eta paretera hurbilduko gara modu ezin erosoago batean. 5/7 minutu tardatuko ditugu.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/a/ac/Lizarrusti.jpg







 

Kirol eta abenturazko eskalada Lizarrustin:

Lizarrusti inguruan abenturazko eskalada zen kirol eskalada praktikatzeko aukera dago. Bide guztien informazioa hemen aurkitu ahal izango duzue: http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/lizarrusti.html

viernes, 29 de marzo de 2019

Txindoki/Larrunarri: "Eon hai lo... ta jangoek mehe"

Aspalditik begiz jota genuen Huerta bidearen ezkerretara dagoen fisura-diedro bat, urrunetik eta argazkietan nabarmen ikusten dena. Arraroa egiten zitzaigun bertatik biderik ez egotea, behetik goraino logika haundia duen ibilbidea dagoelako.

Hormaren zati hau esploratzera joateko aukera bilatu genuen, ohiko moduan ia zer aurkitzen gindoazen. Krokisean marraztutako bidea jarraitu genuen, autobabeserako materiala erabiliz eta eskalada garbia eta segurua ia posible ote zen ikusteko asmoz.

Bideak hiru zati nabarmen dauzka: lehenengoan plaka etzanak eta oso politak eskalatzen dira bi luzetan (urdaiazpikoa deitu genion zati honi). Bigarren zatian kanal belartsu eta nahiko zikina eskalatu behar da eta beste bi luzetan eskalatu genuen. Zati hau eskalatzeko udaberri edo udarako belarra hazi baino lehen joatea komenigarria dela bagenekien eta asmatu genuen. Pasarte nahiko basatia da hau, belar dexente dago eta udaran edo udaberrian nahiko taponatua egotera iritsi daitekeela esango genuke. 

Hirugarren zatia fisura-diedroa litzateke eta luze bakar batean eskalatzen da. Oso polita da baina gogorra 6b inguru esango genuke, guk 6a-A1 modura eskalatu genuen.





Kanal belartsuan eta baita fisura-diedroan arrokarekin kontuago ibili behar da. Krokisean adierazten den moduan, bi puntutan arroka kaxkarra eta pasarte zikinak ekidite aldera eskubiko paretera pasa beharra dago, bide garbiena bilatuaz.

Iltze zahar batzuk ikusi genituen bi puntutan baina bidearen zertxobait eskubira geratzen dira. Bigarren iltzeak bilera zahar bat dira errepisa haundi batean gure bileratik eskubira. Huerta bidearen arrasto zaharrak izan daitezkeela uste dugu baina ez gaude erabat ziur. Bidea ondo babesten da denbora guztian zehar eta adierazitako materialarekin nahikoa litzateke. Guk iltzeak eraman genituen baina ez lirateke beharrezkoak. Adierazitako puntuez gain bilerak egiteko aukera desberdinak egon daitezke. Ez genuen bidean ezer utzi, erabat garbi dago. 

Ia norbait animatzen den bidea errepikatzera. Abenturako bide interesgarria da belar asko ez dagoen garaietan. Huerta bidetik ere sartzea posible litzateke R4a kokatua dagoen errepisa haundi eta ederraren alturan trabesia bat eginda. Aldi berean gure R2tik Huerta bidera pasatzeko aukera dago, kanal belartsua ekidinez. Animatu!

Azken luzea lurretik ikusia